Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Proposamen urtua

Dokumentuaren akzioak

Proposamen urtua

'For Now, In Liquid Days'

Konpainia: Espainiako Dantza Konpainia Nazionala. Zuzendari artistikoa: Jose Carlos Martinez. Lekua: Bilboko Guggenheim museoa. Data: Urriak 16.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/10/18
Lotura
Berria

Zygmunt Bauman poloniar soziologoaren analisietan oinarrituta sortu dute Espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren kideek beren azken proposamena. Baumanen iritziz, gaurko panoramak antzekotasun gehiago du errealitate likido batekin, non dena fluido eta mugikorra den, eta ezinezko egiten digun harreman finkorik edota iraunkortasunezko plangintzarik egin.

Abiapuntu emankor horretatik abiatuta, konpainiako hamar dantzari gaztek site specific bat sortu dute Dantzaldia jaialdirako, eta Guggenheim museoa izan da leku hautatua. Emanaldia eraikinaren barruko atarian hasi da, ikusleek dantzarien inguruko zirkunferentzia handi bat osatzen zutela. Hamar dantzariek aingeru erorien antzera etorri dira, beltzez jantzita eta zapatarik gabe, eta horrek marmolezko behegainetik irristatze dotoreak egitea ahalbidetu die. Zarata ez-harmonikoetan bilduta ibili dira hasiera batean, baina soinu-giro inguratzaileak laster hartu du behar zen dentsitatea, eta dantzarien eboluzioek zenbait bertute kontrajarri irudikatu dituzte, hala nola kemena eta leuntasuna, abiadura eta bat-bateko geldotasuna.

Une jakin batean museoko auditoriora lekualdatu gara eta emanaldiak italiar erara jarraitu du, baina atal bien arteko trantsizioaz ez gara ia konturatu, soinu-giroaren jarraipenari esker eta dantzariek ikusleen inguruan jardun dutelako haiek jesartzen ziren bitartean. Izan ere, hasierako zatian sortutako munduak jarraipen zuzena izan du eszenatoki gainean, eta dantzariak estetika erdi zibernetiko erdi espiritual batean murgildu dira, gizaki garaikidea eta haren jarrerak metafora aberasgarri baten bidez sinbolizatuz eta nolabaiteko atmosfera artegagarria sortuz.

Halako batean, ordea, dena zapuztu da. Desegin egin da ordura arte eraikitako giro zoragarria eta hainbat zati laburren segida zentzugabea etorri da, ikusle trebatuok edozein eskulekuri heldu ezinik genbiltzala. Segida horretan etorri diren solo, duo eta taldekako pasarte deskonektatuetan hasierako maila gaindiezinari eutsi diote dantzariek, eta bikainak izan dira haien guztien kalitate mugimendua, keinu aberastasuna eta barne sendotasuna. Horrek, ordea, ez du eragotzi hasierako proposamena urtu izanaren sentsazioa, baina emanaldiaren osteko solasaldian ulertu dugu horren guztiaren motiboa: dantzariek beraiek sortu dituzte koreografiak Jose Carlos Martinez koordinatzaile rol soilean zegoela, eta, bide horretatik, hasiera batean sorkuntza kolektibo bikaina lortu badute ere, amaierakoa lan txiki batzuen pilaketa hutsa iruditu zaigu.

For Now, In Liquid Days ikuskizuneko une bat. / GUGGENHEIM

Dokumentuaren akzioak