Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Profesionalak eta amateurrak

Dokumentuaren akzioak

Profesionalak eta amateurrak

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2010/07/29

Azken urteotan administrazioa profesionalizazioaren aldeko politikak bultzatzen ari da. Kultura alorreko laguntza eta jardueretan amateurrek parte hartzeko gero eta traba gehiago jartzen ditu. Burokrazia izugarria da, eta diru-laguntzen deialdietan parte hartzea ia ezinezkoa bihurtu da horretarako azpiegitura profesionala ez duenarentzat. Are gehiago, zenbait deialditan zehatz-mehatz adierazten da profesionalak bakarrik aurkeztu daitezkeela. Profesional izatea nolabaiteko berme artistikoa balitz bezala. Eta amateurrek ekoizpen artistiko interesgarririk egiteko izan dezaketen gaitasuna ukatuz.

Krisi aurretik kultura eta sorkuntza alorretako profesionalizazioaren aldeko aldarri hau izugarrizko kontraesana zen, eta zer esanik ez oraingo egoeran. Errealitateak urteak daramatza gure mutur aurrean jartzen herri txiki honetan ez dagoela nahikoa masa kritiko jarduera kultural gehienetan profesionalki aritzeko. Baina itsu eta entzungor, profesionalizazioa eskatu eta amateurismoa zigortzen jarraitzen dugu. Eta zentzu batean profesional kopuruak gora egin du. Jarduera artistiko gehienen inguruan badira profesionalki ari diren teknikariak, kudeatzaileak, idazkariak, ekoizleak, komunikariak, eta abar. Artistak eta sortzaileak ez proportzio berean.

Profesionala izateak ez du kultur produktuaren kalitatea eta ekarpenaren mamia bermatzen. Are gehiago, ezagutzen ditugu artista profesionalak, artea ogibide hartu dutenetik ez dutenak aurreko mailarik eman. Amateur zirenean zerbait esateko zutenean ateratzen ziren plazara, ongi mamitu eta landu ondoren, ez baitzuten produktu kulturala ekonomikoki errentabilizatzeko asmorik eta itxaropenik. Bizimodua atera beharrak etengabe ekoiztu eta plaza publikoan egotera eramaten du profesionala, esateko ezer berririk izan ala ez.

Hasieran esan dut eta berriz errepikatuko dut. Kultura alorrean profesionalak behar ditugu. Baina amateurrak ere bai. Ez dugu erronka makala bien arteko elkarbizitza eta lankidetza orekatua lortzen. Baina ez dezagun inor zigortu bata ala bestea izateagatik.

Dokumentuaren akzioak