Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pristinako dantzen zipriztinak

Dokumentuaren akzioak

Pristinako dantzen zipriztinak

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2008/03/16

Pristinako argazkiaren aurrean beste bat jartzera noa. 1990, Belgrad. Yugoslavian gerra bete-betean dago. NATOren indarrek Belgradeko azpiegiturak txikitzeko hegazkinak bidali dituzte. Yugoslaviako gobernuak giza babesa antolatu du, herritar zibilak bultzatu ditu bonben jo mugan jartzera erasotzaileak kokildu asmoz. Gau horietako batean, zibilek babesten duten zubi bat erakutsi du CNNk.

Ez dakigu hotzez ala beldurrez dauden dardarka zubian daudenak. Hiru neska gazte agertu dira irudietan, jantzi tradizionalak dituzte soinean eta dantzan ari dira. Kolo bat, borobilean egin ohi den dantza tradizional bat dantzatzen ari dira, eta oso txukun gainera, dantzari bikainak direla antzematen da.

Bonba azpiko dantza haien peskizan ibili da Lynn D. Maners antropologoa. Dantzarien janzkera Serbiako Sumadija nekazal eskualdekoa da, baina dantzarien prestakuntza onak eta eszenatokira begira findutako dantzakera dotoreak erakusten du Belgrad bertako dantza talde bateko kideak direla.

Europako ekialdean, nazio-estatu modernoen formazio prozesuan, dantza komunitatearen iruditeria sortu eta herritarrak sinbolo jakin batzuen inguruan gotortzeko oinarrizko tresna izan da. Zenbait dantza tradizional hautatu eta nazioaren ikur bihurtu dituzte, eta haien goi mailako aurkezpena, dantzatzea, estatu-kontua bailitzan zaindu da. Dantza tradizionalak bere kontestutik atera, eta gizarte zibila antolatzeko eta estatu trinko baten irudia nazioartera zabaltzeko baliatu dira.

Independentzia ospakizunetan zein bonbardaketa gordinenetan dantzan ikusi ditugu. Dantza tresna politikoa izan da Yugoslavian eta hori nola gauzatu eta bideratu den azaldu digute etnokoreologoek eta antropologoek. Euskal nazionalismoaren bilakaeran dantzak jokatu duen paperak eta dantzari emandako erabilerek ikerketa lan mamitsua egiteko emango lukete. Baina euskal dantzak klinexak bailiran tratatu ditugu: erabili eta bota. Independentzia festarik ez dakit inoiz ospatuko dugun, baina harrituko nintzateke CNNk dantzan harrapatuko bagintu. Ni behintzat ez nago zubi gainean dantzan hasteko.

Dokumentuaren akzioak