Dokumentuaren akzioak
Prestatu zakuak, badatoz Ihoteak!
Herriko Ihote Taldetik zakuz janztera eta auzoetako banderak jartzera animatu dute. Ostiralean Azeri dantzarekin hasiko da festa, eta Kuestazioa eta haurren kalejira izango dira, besteak beste
Ihoteak iritsi dira Oiartzunera. Ostiraletik igandera bitartean, intxixu, sorginak, zakuak eta Kuestazioa izango dira herrian, inauterien aurreko asteburuan, Ihote Taldeak antolatuta.
Ihoteak Oiartzungo ondare kulturalaren parte dira. Ihote Taldeak lan handia egin du azken urteetan aspaldiko ohiturak berreskuratzen eta datuak biltzen. Udalak taldearen ekimenekin bat egin du eta horiek bultzatzen ditu, herriko ondare kulturala gordetzen eta ezagutarazten laguntzen duelakoan. Horregatik, herritarrak animatu ditu asteburu honetan, hotzari aurre eginez, Ihote Taldeak antolatu dituen ekintzetan parte hartzera.
Egitarau oparoa, beste behin
Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan hasiko da festa Azeri-dantzarekin. Ordu erdi beranduago Intxixuei eta Sorginei ongi etorria egingo zaie eta auzoetako banderen igoera izango da. Gero, 21:00etatik aurrera bokata-jatea egingo da kantinan.
Larunbat goizean, Oiartzungo ohitura zaharrari jarraituz auzoetan taldeak osatu eta etxez etxe eta baserriz baserri festa giroan Kuestazioa egingo dute. Poxpolinez jan-tzita joan behar dela gogoratu dute antolatzaileek. Arratsaldean, auzoetan ibilitako koadrilak elkartuko dira Doneztebe plazan, jai giroan.
Igandean, goizeko 09:00etan Lartaun Txistulari taldeak Diana joko du; 11:30ean Haur kalejira izango da; 12:30ean, berriz, Mutxikoak Doneztebe plazan. Arratsaldean, haur jolasak izango dira, 17:00etan. Eta 19:00etan Intxixuei eta Sorginei agurra emateko tenorea iritsiko da. Bukatzeko, suzko akerra ibiliko da plazatik barrena.
Iaz egin zen modura, ostiralean eta larunbatean Doneztebe plazan txosna ere jarriko da. Ostiralean Intxixuen eta Sorginen etorreraren ondoren irekiko da eta larunbatean kuestazioko kalejira bukatutakoan.
Kuestazioa larunbatean
Kuestazioa aurten ere auzo guztietan egingo da. Urtetik urtera, geroz eta jende gehiagok parte har-tzen du festa horretan; iaz, adibidez, 300 lagun baino gehiagok. Goizean etxez etxe dantzan aritu ondoren, bakoitzak bere auzoko elkartean bazkalduko du, goizean zehar jasotako puskekin eta sosekin osatutako bazkaria.
Arratsaldean, plaza inguruan bilduko dira guztiak, arestian aipatu modura. «Herritarrak animatu nahi ditugu; ikaragarrizko giroa sortuko dugu eta. Hortaz, ez huts egin zahar, heldu edo gazte» diote antolatzaileek. «Kuestazioan parte hartu nahi izanez gero, komunikazioa@kataxulo.com helbidera ida-tzi dezakezu» animatu dute.
Ihoteak indartze horretan, egindako lan guztiak ez ezik, zerikusia izan du jaia aurreratu izanak ere. Aurten laugarren urtez ohiko Inauteriak baino astebete lehenago ospatuko dituzte Ihoteak herrian. Hala, nortasun propioa eta berezko egutegia duen festa bihurtu dute, eta herritarrek aukera dute bi Inauterietan parte hartzeko, batak bestea oztopatu gabe. Gainera, kanpotarrek ere badute, hala, Ihoteak ezagutzeko aukera.
Hortaz, Oiartzunen badago zer egina asteburuan: zakuak prestatu, baita poxpolin jantzia ere, eta denok Ihote festara!
Dokumentuaren akzioak