Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Prestatu zakua eta poxpolin jantzia, Ihoteak datoz!

Dokumentuaren akzioak

Prestatu zakua eta poxpolin jantzia, Ihoteak datoz!

Heldu den ostiralean Azeri- eta Sorgin-dantzarekin hasiko da festa, eta Kuestazioa eta haurren kalejira izango dira, besteak beste

Ihoteak iristear daude Oiartzunera. Heldu den asteko ostiraletik igandera bitartean, intxixuak, sorginak, zakuak eta Kuestazioa izango dira herrian, inauterien aurreko asteburuan, Ihote Taldeak antolatuta.
Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2014/02/15
Lotura
Diario Vasco

Ihoteak Oiartzungo ondare kulturalaren parte dira. Ihote Taldeak lan handia egin du aspaldiko ohiturak berreskuratzen. Udalak taldearen ekimenekin bat egin du eta horiek bultzatzen ditu, herriko ondare kulturala gordetzen eta ezagutarazten laguntzen duelakoan. Horregatik, herritarrak animatu ditu heldu den asteburuan, hotzari aurre eginez, Ihote Taldeak antolatu dituen ekintzetan parte hartzera.

Egitarau oparoa

Ostiralean, hilak 21, arratsaldeko 19:00etan hasiko da festa Azeri-dantza eta Sorgin-dantzarekin. Ordu erdi beranduago Intxixuek eta Sorginek plaza hartuko dute eta auzoetako banderen igoera izango da. Gero, 21:00etatik aurrera plazako txosnan giro ederra egongo dela iragarri dute.

Larunbat goizean, hilak 22, Oiartzungo ohitura zaharrari jarraituz, auzoetan taldeak osatu eta etxez etxe eta baserriz baserri festa giroan Kuestazioa egingo dute. Poxpolinez jantzita joan behar dela gogoratu dute antolatzaileek. Hurrengo hitzordua 14:30ean jarri dute. Madalensoron elkartuko dira auzoetan barrena ibilitako koadrilak bazkari legea egiteko. Arratsaldeko 18:00etan Doneztebe plazara abiatuko dira, jai giroan. Gero, poteoa izango da tabernaz taberna.

Igandean, goizeko 09:00etan Lartaun Txistulari taldeak Diana joko du; 11:00etan Haur kalejira abiatuko da Belutenetik; 12:30ean, berriz, Mutxikoak dantzatuko dituzte Doneztebe plazan. Arratsaldean, haur jolasak izango dira, 17:00etan hasita. Azkenik, iluntzeko 19:00etan Intxixu eta Sorginei agurra emateko tenorea iritsiko da. Bukatzeko, suzko akerra ibiliko da plazatik barrena.

Hortaz, Oiartzunen badago zer egina heldu den asteburuan: zakuak prestatu, baita poxpolin jantzia ere, eta denok Ihote festara!

Ihote dantzak ikasten

Bestalde, gaur arratsaldeko 17:00etan Abaraxkako kideek hitzordua dute Ergoien auzoko Soinuenean. Ihote dantzak ikasten jarraituko dute beste astebetez.

Prestatu zakua eta poxpolin jantzia, Ihoteak datoz!

Soinuenean Abaraxkako kideak ihote dantzak ikasten. :: GOIZARIN

Dokumentuaren akzioak