Pandemiak ez du etenik eragin Baranbioko kulturan. Horren adibide da Euskal Jaia. Larunbatean izango da aurtengo edizioa, hilaren 13an, hain zuzen. Ohiturari jarraiki, Garrastatxuko ermitan elkartuko dira herritarrak.
Dantza plaza eta bertsolariak egongo dira, besteak beste; Andoni Egaña, Sustrai Colina eta 'Patxi eta Konpainia' taldearen eskutik
Bertsoak eta dantzak izango dira osagai nagusi. Alabaina, "Euskaldun bazkaria" deitu dute lehenbizi, 14:30ean alegia. Ondoren, Andoni Egaña eta Sustrai Colina bertsolariak arituko dira giroa berotzen. 18:30ean, berriz, dantza eta erromeria uztartuko dituzte Patxi eta Konpainia taldearen eskutik.
Antolatzaileek iragarri dutenez, bazkarian izena emateko telefonoz deitu behar da aurrez, 620 924 702 zenbakira, alegia.
Berezitasun handi bat du Baranbioko Euskal Jaiak: bazkarian ez dela erdaldunik onartzen.