Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Portugaleteko 34. Folklore Jaialdia atari zabalean izango da aurten, lehendabiziko aldiz

Dokumentuaren akzioak

Portugaleteko 34. Folklore Jaialdia atari zabalean izango da aurten, lehendabiziko aldiz

Komunikabidea
Gara
Tokia
Portugalete
Mota
Albistea
Data
2008/07/19

Aurtengo edizioak berrikuntza nagusi bat izango du, gainera: ikuskizunak, aurreko edizioetan bezala, herriko kiroldegian izan ordez Roke Deuna izeneko plazan izango dira; hau da, jaialdia atari zabalean ospatuko dute lehen aldiz.

Portugaleteko alkate Mikel Torresek, aurkezpenean adierazi zuenez, berrikuntza honek «jaialdiaren kalitatea hobetzeaz gain, ikuskizunak ikusleengana gerturatuko ditu».

Bestalde, Portugaleteko Elai-Alai taldeko lehendakari Gaizka Beguriak, jaialdiak «mundu osoko herriak gerturatzeko» aukera ematen duela eta «ohiturak, usadioak, dantzak, hizkuntzak eta bizitzeko era desberdinak partekatzeko aukera» ere ematen duela esan zuen. Gogoratu behar da 1962. urtean sortutako Elai Alai Dantza eta Musika Kulturunea urteak daramatzala jaialdi hau antolatzen.

Zortzi herrialde

Horiek horrela, bihartik aurrera zortzi talde izango dira Bizkaiko herrian.

Etxeko Elai-Alairekin batera Irlandatik, Beninetik, Komi Errepublikatik, Turkiatik, Boliviatik, Mexikotik eta Eslovakiatik etorritako taldeak izango dira ikusgai. Horrez gain, eta folklore jaialdi ahal bezain erakargarri egite aldera, aurtengoan gauero bi emanaldi egongo dira. Emanaldiok ordu eta erdiko iraupena izango dute.

Bihar igandea, 19.30etik aurrera, Roke Deuna izeneko plazak atzerritik etorritako talde guztiei harrera egingo die folklore jaialdia inauguratzeko. Hurrengo egunean, astelehenean, 21.30ean, Boliviako Tradiciones Bolivianas izeneko taldea izango da, Turkiako Gehemekin batera.

Eslovakia eta Irlanda

Uztailaren 22an, berriz, Eslovakiako Maj eta Irlandako Absolutely Legless taldeen txanda izango da.

Uztailaren 23an Benineko Les As du Benin eta Mexikoko Kutzi, Yurecuaro-ko (Michoacan) Folk Baleta izango dira. Hurrengo egunean, hilak 24, etxekoak, Elai-Alai, eta Komi Errepublikako Assya Kya taldeak arituko dira.

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko azken egunean, uztailaren 25ean, bi ikuskizun izango dira; bata goizean, 11.30ean, La Florida parkean, «Munduko sustraiak» izenekoa, hain zuzen, eta 21.30ean, bestea, Karlos VII.a etorbidean, «Munduko dantzak» izenekoa.

Elai-Alai kultur taldeak Portugaleteko Nazioarteko 34. Folklore Jaialdia ospatuko du bihar hasi eta uztailaren 25era arte.

Dokumentuaren akzioak