Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Portugalete dantzaren nazioarteko hiriburu bilakatuko da 38. Folklore Jaialdiaren harira

Dokumentuaren akzioak

Portugalete dantzaren nazioarteko hiriburu bilakatuko da 38. Folklore Jaialdiaren harira

Portugaleteko eta Euskal Herriko 38. Nazioarteko Folklore Jaialdiak Kurdistango, Argentinako, Errusiako, Venezuelako eta, besteak beste, Mexikoko dantza taldeen ikuskizunak eskainiko ditu uztailaren 21etik 25era.

Portugaleteko eta Euskal Herriko 38. Nazioarteko Folklore Jaialdia aurkeztu zuten Bilbon, jaialdia antolatzeko ardura duen Elai Alai kultur elkarteko presidente Gaizka Benguriak, Jose Ignacio Beitia jaialdiko zuzendariak eta hainbat ordezkari instituzionalek.
Egilea
Jonebati Zabala
Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2012/07/20
Lotura
Gara

Aurtengo edizioak garrantzi berezia du; izan ere, jaialdia antolatzen duen Elai Alai kultur elkartearen 50. urteurrena da, eta horren harira, zenbait ekimen berezi egingo dira; jaialdiaren inaugurazioa, esaterako. Hori, uztailaren 21ean izango da, Donostiako Argia dantza taldearen eskutik. Talde hau Elai Alairen laguntzaile historikoa da eta 70eko hamarkadan ospatu ziren jaialdietan ere hartu zuen parte.

Gaizka Benguriaren esanetan, Portugalete «nazioarteko erakusleiho» bihurtu nahi du jaialdiak, «hemengo kultura, tradizioa eta folklorea ezagutarazteko, baita beste herriena ezagutzeko ere».

Jaialdiaren lehenengo eguna igandea izan ohi den arren, larunbat batean hasiko da aurtengoa, uztailaren 21ean, hain zuzen. Bost egunez, Portugaleteko metro geltokiaren ondoan dagoen San Roke plazan Errusiako, Venezuelako, Kurdistango, Mexikoko, Argentinako eta Euskal Herriko dantza folklorikoak egongo dira ikusgai. Saio guztiak 21.30ean hasiko dira eta sarrera doakoa izango da.

38. edizio honetan, aurreko urteetan arrastoa utzi izan duten zenbait talde daude gonbidatuta.

Egitarau zabala

Horien artean Argentinako Gran Ballet Argentino eta Mexikoko Colimako Unibertsitateko Balleta ditugu, esaterako. Azken hauek kolonaurreko dantza ikusgarriak eskainiko dituzte.

Berrikuntza gisa, Kurdistaneko Sign Art musika eta dantza taldea eta Venezuelako Guanaguare taldea ekarriko dituzte Portugaletera. Omsk-eko konpainia ere badator Errusiatik. 50 kidek osatzen dute taldea, eta oso dantza eta kanta ikusgarriak egiten dituzte.

Uztailaren 29an, «Munduko Dantzak» ikuskizuna egongo da ikusgai Portugaleteko Karlos VII. etorbidean jarriko dituzten sei agertokietan.

Urtero egiten den «Munduko Sustraiak» zeremonia ere egingo dute: haritz bat landatuko dute, eta dantza talde bakoitzak bere herrialdetik ekarritako lurrarekin ongarrituko dute.

Uztailaren 30ean eta 31n, San Inazio egunean, bost herrialde gonbidatuek musika emanaldiak eskainiko dituzte Portugaleteko Gran Hotel-Puente Colgante-ko terrazan.

Dokumentuaren akzioak