Dokumentuaren akzioak
Poloniako Legnicako nazioarteko dantza jaialdian da Indarra taldea
Munduko bazter ugaritako taldeak izango dira lemko herriak antolatutako jaialdian.
Uztailaren 3tik 9ra Gasteizko Indarra kultur elkarteak Poloniako Legnica hirian ospatuko den Swiat Pod Kyczera nazioarteko dantza jaialdian parte hartuko du. Indarrarekin batera, munduko txoko desberdinetako beste zenbait talde egongo dira. Elkarrekin emanaldiak egingo dituzte Legnica eta inguruko beste hiri batzuetan.
Jaialdia Kyczera dantza talde lemkoak antolatzen du. Lemko herria kultura, erlijio eta hizkuntzaren arabera, ekialdeko eslaviarra den talde rusiniar (ruteniar) baten parte da. Euren jatorrizko lurraldea Karpato mendialdean kokatzen da. Poloniar direnak, lemko izena dute, Eslovakiakoek rusnak. Lotura dute Ukrainako boyko, doliniar eta H
hutsulen kulturekin. "40 hamarkadan beraien jatorrizko lurraldeetatik egotzi eta bortxaz deportatuak izan ziren eta, ondoren, beraien kulturaren zapalketa eta asimilazioa jazan zuten urteetan. Azken urteetan, Lemko herriak, bere kultura eta hizkuntza berreskuratzeko ekimenak egin ditu", azaldu du Indarrak ohar batean.
Kyczera dantza taldearen helburua da beraien kultura eta izaera mundu mailan ezagutaraztea. Swiat Pod Kyczera jaialdia da ekimen hauetako garrantzitsuenetariko bat. Indarra kultur elkarteak Arabako dantzen errepertorio osatu bat aurkeztuko du aurtengo edizioan.
Dokumentuaren akzioak