Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Plazarik plaza dantzan

Dokumentuaren akzioak

Plazarik plaza dantzan

Euskal dantzen erakustaldia izango da gaur

Egilea
Leire Aramendi
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Villabona
Mota
Albistea
Data
2002/07/25

Gipuzkoako dantzak egingo dituzte, sagar-dantza, makil dantza eta igitai-dantza, besteak beste. Bizkai aldekoak, Arratiako jotak eta erregelak ere dantzatuko dituzte. Zuberoako maskaradak, Lapurdiko inauteriak eta Oñatiko Korpus eguneko dantzekin osatuko dute gaurko ekitaldia. Ordu eta laurdenean gelditu gabe arituko dira dantzan.



Aurten, dagoeneko, Añorgan dantza egin du Arkaitz taldeak, eta Villabonan izan ondoren, Donostiako Aste Nagusian parte hartuko dute. Guztietan emango duten ekitaldia antzekoa izango da.



Hiru leku horiez gain, ez dituzte askoz ikuskizun gehiago eskainiko. Aurten oporrak hartzeko asmoa dutela dio Gari Otamendi dantzariak: «Lehengo urtean dantza taldearen 75. urteurrena ospatzen genuenez, irailaren amaiera arte lanez gainezka ibili ginen. Aurten lasaiago ibiliko gara».



75 urte gelditu gabe



Euskal Herrian talde gutxi egongo dira, Arkaitz dantza taldea bezala, orain dela 75 urte dantzan hasi eta oraindik jarraitzen dutenak. Lehengo urtean urteurren hori ospatzeko ekintza bereziak egin zituzten; guztietan garrantzitsuena iraila amaierako ekitaldi berezia izan zela azaldu zuen Otamendik.



Dantza taldetik pasa diren belaunaldi guztietako dantzariek dantza egin zuten. Arkaitz dantza taldearen historiari buruzko liburu bat ere atera zuten, 300 orri baino gehiagokoa.



Dantza talde hori aurten Euskal Herrian bakarrik ibiliko den arren, beste urte batzuetan atzerrira ere joan izan da. Grezian eta Belgikan dantzatu dute, Estatu Batuetara, berriz, bi aldiz joan dira. Argia dantza taldearekin batera ere ibili izan dira, bai atzerrian eta baita Euskal Herrian ere.



Arkaitz taldearen dantzez gain, Santiago egun hau Villabonan ekitaldiz beteta egongo da. Goizean sokamuturra eta Zunbeltz elkarteak antolatutako kross herrikoia izango dira.



Arratsaldean, Trikimailu Express umeentzako musika jaialdia, eta gauean, Etzakit taldea izango dira, besteak beste.

Dokumentuaren akzioak