Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Plazarik plaza

Dokumentuaren akzioak

Plazarik plaza

Hil honetako Uztarria aldizkaria, 209. zenbakia, osorik irakur daiteke dagoeneko webgune honetan (hemen, PDF formatuan). Bertan, besteak beste, Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga dantzariekin Elena Marguello kazetariak egindako erreportaje hau irakur daiteke. Seguran lehiatuko dira bihar Amubieta eta Larrañaga, Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketan.
Komunikabidea
Uztarria
Mota
Erreportajea
Data
2018/10/19
Lotura
Uztarria

Larrañaga eta Amubieta plazako kioskoan dantzan. (Elena Marguello)

Amets Amubietak (Azpeitia, 1997) eta Larraitz Larrañagak (Azpeitia, 1999) urteak daramatzate euskal dantzen munduan murgilduta. Txapelak, zapiak eta garaikurrak aspalditik irabazten dituzten arren, 2014. urtean osatu zuten bikotea, eta ordutik, Euskal Herriko plazetan elkarrekin lehiatzen dira. Hainbat sari eskuratu dute urteotan; besteak beste, Gipuzkoako Dantza Solte Txapelketa irabazi dute aurten.

7 edo 8 urte zituela hasi zen dantzan Larrañaga; lagun guztiak joaten ziren dantza eskoletara, eta haien saio bat ikusi ostean animatu zen bera ere. Adin berberarekin hasi zen Amubieta ere, bere bi arreba nagusiak dantzan ibiltzen zirelako. Ordutik dira bi dantzariak Luis Alberdi Beltzaren eskolako kide. Eskolako guztiek bezala, hasieran talde handian egiten zuten dantza, eta geroago, Beltzak bikoteak egin zituen, eta txapelketetan parte hartzen hasi ziren.

Orain dela lau urtera arte Amubietaren bikotea Maialen Aldalur izan zen, baina Bartzelonara joan zen hura ikastera. Larrañagaren bikotea zen Jon Ibartzabalek, berriz, helduen kategoriara pasatu behar zutenean utzi zuen dantza. Orduan batu ziren bien dantzako bideak. Amubietak azaldu duenez, "pertsona batzuekin konexioa lortzen da, eta beste batzuekin, urteak pasatuta ere, ez da lortzen". Bikoteak dio beraiek lortu dutela "pixkanaka" konexio hori. "Entseguak egiten ordu asko pasatzen ditugu, eta dozenaka txapelketatan ere parte hartu dugu elkarrekin. Ez zara bakarrik sentitzen, beti bikoteak laguntzen dizu. Horrek guztiak konfiantza sortzen du bion artean", adierazi du Larrañagak.

Helduen txapelketetan, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte bikote guztiek. Bi dantza mota horien koreografiak osatzerakoan, "gehien gustatzen" zaizkien pausoak egiten dituztela azaldu dute Amubietak eta Larrañagak, eta "beste bikote batzuei ikusi eta probatzeko gogoa" eragiten dietenak ere aukeratzen dituzte. Koreografiak Beltzak, Amubietak eta Larrañagak "elkarlanean" osatzen dituzte. "Urteak aurrea doazen heinean, pausoak aldatzen joaten gara, beti berdinak ez egiteko eta erosoen sentitzen garen pausoak dantzatzeko", azaldu du Amubietak.

Jantzien garrantzia

Badira, gainera, koreografiak ez ezik, arropak ere epaitzen dituzten txapelketak. Izan ere, txapelketa batzuetan arropa onenaren saria ere banatzen dute. Larrañagaren ustetan, epaimahaiak beti begiratzen dio janzkerari; haren arabera, "euskal dantzak oso eleganteak dira eta jantziek lan handia" izaten dute. Bikotearen esanetan, txapelketetan parte hartzen duten bikote guztiek izaten dute janzkeretan "bereizgarriren" bat. Bikoteari jantziak Amubietaren amak egiten dizkio, lanbidez jostuna baita hura. Larrañagaren hitzetan, Ametsen amak "sekulako esperientzia" du. Arropak egiteko oihalak erostera joaten direnean, "gustukoen" dituztenak erosten dituztela dio Amubietak, eta ondoren, argazkietatik edo beste bikote batzuen arropetatik hartzen dituztela ideiak.

Uda garaian izaten dira helduen dantza txapelketak, eta "afizioa" dutelako jarraitzen dute horietan parte hartzen Amubietak eta Larrañagak. Amubietaren esanetan, txapelketetan parte hartu edo ez beraien esku dago; beraz, alde horretatik, ez dute "presiorik". Larrañagak erantsi du dantza "gustura" egiten saiatzen direla: "Badakigu lehiatzen ari garela, eta lehiakortasun horrek askotan tentsioa sortzen du. Baina disfrutatzen eta urduritasuna saihesten saiatzen gara". Gainera, parte hartzen duten txapelketek ez dute elkarrekin loturarik, eta beraz, txapelketaz txapelketa joan behar dela uste du Amubietak. Txapelketen egutegia kaleratzen denean, beren artean hitz egin eta zeinetan parte hartu nahi edo ahal duten erabakitzen dute. Lehia bakoitzak bere izen-ematea duenez, "pixkanaka" joaten dira adosten.

Txapelketetan plazak bete egiten badira ere, Amubietaren hitzetan, euskal dantzak "ez dira oso ezagunak eta ez zaie publizitate askorik" egiten. Hala ere, euskal kulturan dantzak "garrantzia handia" duela uste du Larrañagak: "Txapelketetara joanda, tradizioa mantentzen dugula uste dut, eta hori gustatu egiten zaigu".  Horrez gain, Azpeitiko bikoteak ingurukoen aitortza sentitzen du azkenaldian. "Hainbat txapelketa irabazi dugu, eta hedabideak gurekin harremanetan jartzen ari dira", aitortu du Larrañagak.

Bikoteak dantzarako duen gaitasuna agerikoa bada ere, Luis Alberdi Beltzaren lana goraipatu dute dantzariek. Izan ere, azpeitiarrek ez ezik, azkoitiarrek eta errezildarrek ere osatzen dute haren dantza eskola. Larrañagak azaldu duenez, haur eta heldu asko elkartzen dira entseguetan, eta txapelketa askotan aritzen dira Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo dantzariak. Amubietaren esanetan, berriz, haien irakasleak egin duena "urteetako lana" da, eta horregatik dute orain herri horiek dantzaren munduan "hainbesteko indarra".

Segura

Urriaren 20an izango da Seguran 2018ko Euskal Herriko Dantza Txapelketa, eta han izango dira Amubieta eta Larrañaga. Aurtengo denboraldian txapelketa batzuk irabazi ostean, "indartsu" sentitzen direla aitortu du Amubietak, eta "irabazteko aukerak" dituztela dio; "Euskal Herriko Txapelketa irabazteko borrokan sartzeko prest gaude". Hala ere, "edozer" gerta daitekeela uste du bikoteak.

Seguran badute esperientzia Amubietak eta Larrañagak, eta badakite sasoia eduki behar dela "ez nekatzeko". Taula gainean minutu gutxi egingo badituzte ere, fandangoa eta arin-arina ondo egin behar direla aitortu dute: "Amaierara arte, besoak eta hankak beren lekuan mantendu behar dira". Biak ala biak kirolariak dira umetatik, eta hori dantzarako lagungarria bazaie ere, "benetako sasoia" entseguetan lortzen dela aitortu du Amubietak.

Udan batera entseatzen dute, baina urtean zehar banaka aritzen dira, Larrañaga kanpoan ari delako ikasten. Agian, Segurakoa baino lehenago itzuliko da etxera, "batera entseatzeko eta pauso jakin batzuk lantzeko".

Dokumentuaren akzioak