Dokumentuaren akzioak
Plazara, denok dantzara
Jalgi Hadi Dantzara erromeria izango da gaur Amurrion, plazako dantza biziberritzeko asmoarekin
Horretarako, eta eguna umore onean igarotzeko, egitarau mardula prestatu dute antolatzaileek. 11:00etan, harrera egingo zaie Amurrion bildutakoei. Hamaiketako eder bat ere dastatu ahal izango dute bertaratutakoek. Hurrengo orduetan ere ez da, ez, aspertzeko denborarik izango. Dantza ikuskizuna, herri bazkaria, bertsolariak, kalejira... Trikizioren kontzertuarekin bukatuko da Jalgi Hadi Dantzara erromeria.
Euskal Dantzarien Biltzarrak bi helburu bete nahi ditu ekimen horrekin. Batetik, dantzan ikasi nahi duenak ikasteko aukera izatea. Eta bestetik, dantzazale orori plazan dantza egiteko aukera ematea. Horregatik, Euskal Herri osoan batetik bestera ibiliko den erromeria ibiltaria jarri dute martxan.
Antolatzaileen arabera, dantza taldeen eremua «osasuntsu» dago gaur egun. Halere, badago biziki kezkatzen dituen zerbait: «Plazako dantza goitik behera dator. Apenas dagoen aukerarik fandangoa, arin-arina, mutxikoak, mutil dantzak edota beste hainbat dantza ikasteko edo plazaratzeko».
Euren esanetan, «dantza, herri bakoitzak duen ondarearen zati bat da, hizkuntza bezala. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ezaugarria da». Horregatik prestatu dute Jalgi Hadi Dantzara egitasmoa. Gainera, «egun bakarrean dantza egiteko aukera eskaintzen duen ekitaldia baino gehiago da».
Aiara Dantza taldeak, esaterako, aspalditik egiten ditu dantza ikastaro «herrikoiak». Aurrerantzean ere, ekimen horri segida emateko asmoa du Amurrioko taldeak. Jaialdia alaia izan dadin, gaur bertaratzen direnei baserritarrez jantzita joateko deia egin diete antolatzaileek.
############
Gaur zer
11:00. Harrera egingo da eta ondoren hamaiketakoa egongo da.
13:00. Dantza ikuskizuna herriko plazan.
15:00. Herri bazkaria. Ondoren, bertsolariak eta euskal kantak
17:30. Kalejira, Laudioko Ttuntturro zanpantzar taldearekin.
18:00. Jalgi Hadi dantzara.
23:00. Trikiziorekin erromeria.
############
Dokumentuaren akzioak