Dokumentuaren akzioak
Plazan dantza egiteko helduen ikastaroa martxan
Urriaren 1ean hasiko da Udaberri dantza taldeak antolaturiko egitasmoa, eta izena emateko aukera dago jada
Ikasturte berriarekin batera, haur eta gaztetxoak hasi dira jada, dantza pausoak errepasatzen eta berriak ikasten. Urriaren 1ean izango da, ordea, helduen txanda.
Udaberrik bosgarren urtez antolatuko ditu aurten, helduentzako saioak, baina iazko berrikuntza izan zen plazako dantzak ezagutaraztearena: «Ordura arte fandangoa eta arin-arina soilik irakasten aritu ginen, eta ikasleen eskaerei esker erabaki genuen proposamen berri hau abian jartzea», azaldu dute taldekideek.
Joan den ikasturtea arrakastatsua izan zela azpimarratu dute, eta Udaberriko kideentzako egitasmo «oso aberasgarria» da helduen ikastaroena: «Dantzarako pausoak ikastearekin batera, hainbat belaunaldiren artean harreman sareak sortu ziren, eta guztiontzako aberasgarria izan zen».
Izen-ematea zabalik
Plazako dantzen ikastaroa asteartero izango da, Usabal kiroldegiko entsegu gelan, 20:30etik 21:30era; antolatzaileek arropa erosoa eta alpargatak eramatea gomendatu dute.
Prezioari dagokionez, hilero 10 euroko kuota ordaindu beharko da, eta ikasle, langabetu eta erretirodunek 5 euro ordaindu beharko dute.
Izen-ematea zabaldu dute jada, eta ikastaroak@udaberri.com-era idatzita, nahiz 688 63 70 70ra deituta egin daiteke.
Dokumentuaren akzioak