Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Plazak koloretsu Baigurako libertimendua eta Donibane-Ziburuko ihauteekin

Dokumentuaren akzioak

Plazak koloretsu Baigurako libertimendua eta Donibane-Ziburuko ihauteekin

Ihauteak Euskal Herriko txoko anitzetan ari dira ospatzen egunotan. Lekornen aurtengo lehen libertimendua iragan da otsailaren 12an. Bezperan, zanpantzar erre dute Donibane Lohizuneko plazan.
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2023/02/12
Lotura
Kazeta
Lekorneko plaza beterik izan da otsailaren 12 huntako goizean. (Guillaume FAUVEAU)

Udaberriari harrera egitera heldu dira ihauteak Euskal Herrian. Tradizio ezberdinak, tokian tokiko jendeak bestan murgiltzera eramaten dituena. Larunbatean Donibane-Ziburuko ihauteen desfilea iragan zen Lapurdiko kostaldeko bi herrien artean. Bezperan, Sorgin Gaua ospatu zen lehenean, usaian bezala, gauari izaera magikoa eman ziotelarik herriko karriketan gaindi suak eskuan zituzten hamarnaka lagunek. Larunbatean Donibane Lohizunen ehunka herritar bildu ziren plazan zanpantzarren erreketa jarraitzeko.

Zanpantzar erretzeko unea, larunbatean Donibane Lohizunen. © Guillaume FAUVEAU

Igandean berriz libertimenduen sasoiari hastapena eman diote Lekornen, Baigura ikastolak antolaturiko emankizun herrikoiarekin. Musikariek giroturik eta Aitor Servier zein Miren Artetxe bertsulariek gidaturik, dantzari dotoreak herriko plazara jauzi egin dute, segidan zirtzilei bide emateko, urteko gertakizunen berri umorez antzeztu dutelarik gazteek. Aurten, gainera, genero bereizketarik gabeko bolante dotoreak izan dira Lekornen. Ondoko asteburuan, larunbatez Donostiako Añorga auzoan eta igandez Donibane Garazin izanen dira libertimenduak.

Ihauteak ospatzen lehenak xiberotarrak izan ziren, aurtengo maskaradei hastapena eman baitzieten joan den urtarrilaren 15ean Maulen. Asteburu honetan, gazte mauletarrak Gamere-Zihigan izan dira larunbatean. Hilaren 19an Urrüstoitik eta 25ean Altzürükütik pasako dira maskaradak.

Dokumentuaren akzioak