Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pirmin Treku, dantzari baten ibilerak

Dokumentuaren akzioak

Pirmin Treku, dantzari baten ibilerak

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia, , 1920. alea
Mota
Iritzia
Data
2003/11/15

Juan A. Urbeltz-en Dantzak liburuaren hitzaurrean izan nuen Pirmin Trekuren berri lehen aldiz. Bertan, Luis Iriondok honako hau kontatzen du: "1958ngo urtean, Londresko Covent Garden antzokian Tchaikovski-ren The Sleeping beauty antzesten ari zen Royal Balletaren saioa ikusten nengoelarik, programari begiratzen hasi eta... non ikusten dudan Pirmin Trecu-ren izena. Margot Fonteyn, Svetlana Bariosova eta Michael Somes dantzari famatuen æpartenaireÆ bezala ziharduen goren mailako zarauztar dantzaria".

Abizen euskalduna zuen dantzari haren nondik norakoak ezagutu nahi izan zituen Luis Iriondok, eta "gerrako umea" zela jakin zuen berehala. Pirmin Trekuren aita errepublikazalea zen eta, gerraren norabidea okertzean umeak Ingalaterrara bidali eta gurasoek Mexikora ihes egin behar izan zuten. Horrela, iritsi zen Kent-era Fermin Aldabaldetreku, 7 urteko zarauztarra. 10 urte beranduago Ingalaterrako bizitzara erabat egina zegoen gaztea zen Pirmin Treku. Baina halako batean zerbait berezia gertatu zen bere bizitzan. Royal Ballet-aren aurrekoa izan zen Sadlers Wells Ballet-aren emanaldi bat ikusi eta ordurarteko delineante asmoak alde batera utzita dantzaria izan behar zuela erabaki zuen.

Erabakia erraz hartu zuen, baina ondorengo urratsak ez ziren inolaz ere errazak izan. Baletean hutsetik hasteko zaharregia zirudien eta familiak ez zuen ulertzen bapateko kapritxo bitxi hori. Baina une horretan zerbait berezia gertatu zen. Ninette de Valois-ek, Royal Balleteko zuzendaria eta koreografoa izan zenak, Pirmin Trekuren aldeko apustua egin eta baletaren maila gorenera bultzatu zuen. Luis Iriondoren ustez Ninette de Valois-ek esperimentu moduko bat egin zuen. Baletaren historian euskal dantzariek izandako eraginaren berri zuen, eta Pirmin euskalduna zela jakinik dantzari bikaina izateko berezko dohain apartak ote zituen probatu nahi izan zuen.

Esperimentua bikain atera zitzaion Valois andereari. Dantzari aparta zen Pirmin Treku. Lana gogotik egin zuen eta urte gutxitan Royal Ballet-eko dantzari aitzindaria izatera iritsi zen. 10 urte egin zituen munduko baletaren gailurrean. Lesio batek behar baino goizago erretiratuarazi zuen Pirmin eskenatokietatik eta Portugalen, Porton, dantzari gazteak hezitzeko lanari heldu zion. Lan handia egin du bertan eta bere eskolan ikasitako hainbat dantzarik goi mailan dihardute gaur egun. Bere lana jarraituko duten ikasleak Porton utzi eta Zarautzera itzultzeko asmoa du orain Pirmin Trekuk.

Joan den maiatzaren 17an, Pariseko Palais Garnier antzokian geundela, Pirmin Treku etorri zitzaidan gogora. Netherlands Dance Theater, munduko dantza konpainia bikainenetakoaren emanaldia ikusten ari ginen. Eszenatokian, dantzari sorta bikain haren erdian, guretzat distira berezia zuen dantzari bat: Urtzi Aranburu. Donostiarra da Urtzi baina azken 12 urteetan munduan barrena dabil bere dantzarako dohain apartekin gauero-gauero milaka ikusle hunkitzen. Ez da bakarra, asko dira nazioarteko dantza konpainietan dabiltzan euskal dantzariak. Goi mailako dantzariak dira, lepo betetako antzokietan txalo zaparrada amaigabeak jasotzen dituzte eta nazioarteko dantza zaleen miresmena dute. 65 urte kanpoan egin ondoren Pirmin Treku etxera dator bueltan. Bitartean makina bat dantzari daukagu han eta hemen Pirminen lanari segida ematen.

Oier Araolaza, dantzaria

Dokumentuaren akzioak