Dokumentuaren akzioak
Pilotalekua bete zen udazkenari egindako omenaldia ikusteko
Gaueko 22:30ean zuen ikuskizunak hasteko ordua, baina 22:00etarako jendez beteta zegoen Bergarako pilotaleku aurrea; kantxako eserleku guztiak bete ziren segituan. Pilotalekua beteta, udazkenari dagokion omenaldia egin zieten Musiraka dantza taldeak, Uxue Agirre olerkariak eta Arizondo Argazkizale Elkartekoek.
Benito Lertxundiren Udazken koloretan abestiarekin hasi zen emanaldia, kantuarekin batera udazkeneko argazkiak erakutsiz pantailan. Ondoren, poesia saioa egin zuen Uxue Agirrek: izara baten atzean, silueta bakarrik ikusten zela, errezitaldi goxo eta hunkigarria egin zuen, argazkiz lagunduta.
Ezohiko musika
Agirreren Orekaren sokan olerkiarekin sarrera eginda eta Tirri Tarraren Sin palabras abestiarekin irten ziren dantzariak oholtza gainera. Hortik aurrera dantzariak joan-etorrian ibili ziren eskenatokian: Agirrek olerkiarekin sarrera egin eta dantzariak segidan, argazkiez lagunduta.
Fandango eta arin-arina dira Musirakako koreografien oinarri, eta horiek biak dantzatu zituzten ezohiko musika erabilita. Yann Tiersenen akordeoiarekin jotako L'Autre Valse d'Amelie abestiarekin fandangoa dantzatu zuen neska-mutil bikoteak, une batez Parisko kaleetara eramanez. Arin-arina neska-taldeak eskaini zuen Anabela portugaldarraren Covilha Cidade Neve kantuarekin.
Ballet ukitua ere izan zuen ikuskizunak, batez ere taldeko gazteenak hesi batekin lagunduta egin zuen dantza-saioan.
Argazki onak, olerki hunkigarriak eta dantzari apartak; udazkenari eta ikusleei omenaldi bikaina.
Musiraka taldeko dantzariak, atzean udazkeneko argazkiak dituztela.Dokumentuaren akzioak