Dokumentuaren akzioak
'Pikomelatos' pertsonaiaren etorrerak irekiko ditu Mutrikuko inauteriak
Zubixa plataformak pailazoz mozorrotzeko ekimena jarri du martxan biharkorako
Gaurkoan haurrak izango dira protagonistak, izan ere eskola orduan prestatutako mozorroak jantzi eta kalejira osatuko bai dute Musika Banda Txikiarekin batera. Irteera, arratsaldeko 16:00etan izango da Goizeko Izarra ikastolatik, ondoren San Migel ikastetxera helduko dira eta azkenik Erdiko kaletik barrena Beheko plazan amaituko dute ibilbidea ohiko txokolate eta goxokien banaketarekin.
Sabela ondo bete ondoren, haurren berbena izango dute Miruaitz frontoian arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Egunak beste osagai bat ere eduko du, izan ere taberna gehienak egokituak bai daude ihauteri jaietarako, eta horrez gain ostiraletan izaten den pintxo-poteak duen arrakasta gehitzen bazaio, giroa ziurtatua dago. Nola nahi egunik zentralena biharkoa izango da, bereziki arratsaldeko 13:00etan 'Gure Ametsa' dantza taldeak bere 50. urteurrenean burutuko duen kalejira Musika Eskolako soinujotzaileak eta Txistularien taldeak lagundurik.
Beheko Plazan zein Txurruka plazan dantza saio bereziak eskainiko dituzte, eta bigarren zita arratsaldeko 19:00etan izango da Musika Banda eta 'Pikomelatos' pertsonaiak burutuko duten kalejirarekin.
Bazkarirako txartelak salgai
Programa guzti hau osatzeko, Zubixa plataformak pailazoz mozorrotzeko ekimena jarri du martxan biharkorako, garai batean egiten zen bezala. Eguerdiko 12:30ean izango da bilkura 13:00etan 'Gure Ametsa' dantza taldearen kalejirarekin bat egiteko.
Horrez gain arratsaldeko 15:00etan, bazkaria izango da Merkatu Plazan, eta bertarako prestatu duten menua benetan goxoa da; izan ere paella, oilaskoa saltsan eta petit choux-ak izango bai dituzte.
Ogia eta kafearekin 13 eurotan jarri dute menua, eta txartelak berriz salgai daude Zubixan, Loretxu eta Zubiaram tabernetan. Musikalariak ere izango direnez, giro aparta sortuko da Merkatu Plaza estalian.
Dokumentuaren akzioak