Dokumentuaren akzioak
Pessoak zioen moduan
Kritika, Paulo Riveiro eta Beau Gaste
Konturatu gabe, baina, Fernando Pessoaren hitzak tartekatuko dira haien azalpenen artean, eta hitzekin batera hainbat eraikin oniriko altxatuko dituzte lauren gorputzekin, kamera geldoan ariko balira bezala, idazlearen filosofia poetikoa hala edo nola irudikatuz.
Pessoak zioen moduan, haiek ere hitz egiten dute bizitzan egin nahi zuketenaz -krimen izugarriak burutu, heroismo ekintzak egin, edertasun guztia edan, bizio guztietan erori...-, eta bitartean oreka ezinezkoak bilatzen dituzte bakoitzaren gorputza hainbat eskortzo jarreratan ipiniz, Shostakovitxen txelo eta piano musika ederraren pean. Ikusgarriaren unerik gorenean trantze egoeran sartzen dira haietariko hiru, ahalegin pertsonal eta fisiko handia eskatzen duten akrobazia ariketak eginez, eta pasarte horretan are interesgarriagoa bihurtzen da giza arimaren irudia apropos txertaturiko pauso trakets batzuei esker.
Hortik aurrera, denetarik gertatu zen askatasun osoko lan eder honetan, mozorro-jolasak, haragikoitasunezko gogoetak eta a cappella abesturiko kantak barne, eta azken apoteosiaren ostean, ikusleek berotasun handiz eta zutik eskertu zuten Paulo Ribeiro konpainia portugaldarraren bikaintasuna.
Maitaldian ikusitako beste lan bat Frantziako Beau Geste konpainiarena izan da. Philippe Priassoren La Repetition (Entsegua) piezak, izenak dioen moduan koreografia baten sortze prozesua irudikatzen du. Hala, entseguan baleude bezala aritzen dira agertokiko bi neskak eta mutila, txandala jantzita eta ikusten ez den koreografoaren aholkuei jarraituz, pieza bat muntatzeko Ahatetxo itsusiaren alegiaren inguruan.
Huts egindako saioen eta inspirazio momentuen artean aurrera joango da sortze prozesua, eta agerian geratuko dira dantzarien prestakuntza bikaina, malgutasuna eta keinu-leuntasuna. Bide batez, mugimendu, pauso eta jarrera txiki bakoitzaren garrantziaz konturatuko gara, eta alde horretatik estimagarria da pieza hau, baina aldi berean gehiago landu beharko zen dramaturgia, esaldi koreografiko zatikatuen sentsazioa leuntzeko eta emaitza estetiko biribilagoa lortzeko.
Koreografiak: Paulo Ribeiro (Masculine), Beau geste (La Repetition).
Lekua: Miarritzeko Kasinoa.
Eguna: Irailak 8 eta 9.
Dokumentuaren akzioak