Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pertsonaia dohakabeak

Dokumentuaren akzioak

Pertsonaia dohakabeak

Kritika. Dantza

Hiru bikote artegagarri izan dira Thomas Noone koreografo britainiarraren azken sorkuntzako protagonistak. Katalunian aspalditik finkatutako sortzaile honek behin baino gehiagotan erakutsi ditu bere piezak Euskal Herrian (Gasteizen, Miarritzen, Donostian...), eta zale askoren interesa piztu du bere estilo aratza eta teknika perfektua direla medio.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Barakaldo
Mota
Kritika
Data
2012/11/13
Lotura
Berria

Gurean ikusitako aurreko piezekin konparatuta —The Room, Futil, Tort, The Chaos Quartet...— oraingo honek gai zehatzago bat eta nolabaiteko argumentu-garapena dauka, batez ere aurrekoen abstrakzio maila handiarekin konparatuta. Lugares extrañamente desastrosos deitzen da (Leku arraroki dohakabeak), baina lekuak baino gehiago, pertsonaia dohakabeak, edo zorigaiztokoak, irudikatu ditu Noonek, eta mundu oniriko batean murgildu ditu, magikoki agerraraziz eta desagerraraziz eszenografia soileko elementuak eta argi efektu irudimentsuak xede horretarako baliatuta.

Une batzuetan uste izan dut oraingo pieza hau antzerki-dantzaren esparrutik hurbil ibili dela, batez ere kontuan hartuta antzerki dramaturgia eta txotxongilo moduko teknika batzuk erabili direla, era sotilean izan arren. Baina, zorionez, koreografoa ez da gehiegi urrundu bere ohiko abstrakzio mailatik, eta finezia handiz iradoki ditu pertsonaien nortasunak eta bikote bakoitzaren arazoak, zenbait trazu bortitz noizbehinkako irudi groteskoekin eta umore ukitu batzuekin elkartuz, konplexutasun handiko koreografia batean. Bestetik, uneoro igarri da dantzarien prestakuntza itzela, batez ere haien guztien energia neurtuan, keinuen definizio garbian eta elkarrekiko koordinazio zehatzean.

Musika arloak ere aipamen berezia merezi du, Jim Pinchen konpositore eta musika jotzaile ingelesa eszenako albo batean egon baita, berak sortutako soinu-banda hainbat instrumenturekin zuzenean interpretatzen. Biolontxeloa, pianoa, gitarra, tronpeta, bateria, ahotsa eta horren guztiaren birprozesatze digitala izan dira bere baliabideak, eta zalantzarik gabe esan dezakegu inspirazio maila berean egon direla Pinchen eta Noone, eta emanaldiak horri esker lortu duela bere dentsitate ukaezina.

Dokumentuaren akzioak