Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Performance eta dantza nahasturik La Ribotekin

Dokumentuaren akzioak

Performance eta dantza nahasturik La Ribotekin

30 segundo eta zazpi minutu artean dituzten zortzi atalez osaturiko emanaldia da

Egilea
Ivan Santamaria
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2002/05/18

Dantza, performance eta antzerki esperimentala nahastu ditu Maria Ribot artista madrildarrak, Piezas distinguidas izeneko ikuskizun sortan. La Ribot ezizenez ezagunagoa, Gasteizen dabil egunotan, Still distinguished izeneko emanaldia aurkezten, sail horretako azken fruitua.



Londres, Paris, Estocolmo, Frankfurt eta beste hainbeste hiritan izan da La Ribot Still distinguished eskaintzen. Baina berritasunik izango du Arabako emanaldiak. Izan ere, Artium museoko areto batek hartuko du. Dantzari eta koreografo madrildarrak ez du inoiz aurretik museo batean lan egin. Hori bai, ideia zoragarritzat jo du. Atzo lehenbiziko emanaldia egin zen Artiumen, eta gaur bigarrena eta azkena eskainiko du arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Sarrerak 5 euro balio du.



Piezas distinguidas 1993an hasitako proiektua da. Bakarkako lanak dira eta 30 segundo, zazpi minutu arteko iraupena dute. Still distinguished egitasmoko hirugarren atala da, eta zortzi pieza laburrek osatzen dute.



Aste eszenikoen arketipoak gainditzen ahalegindu da La Ribot, espazioa eta oholtzaren mugak ezabatu ditu. Aurkezpena ere sotila da, laua, bere gorputza baita, biluzik, pieza bakoitzeko oinarririk garrantzitsuena. Egoera edo sentimenduak adierazteko orduan, material urri edo eskuraerrazekin garatu ditu ideiak.



Biluztasuna espresio artistikorako biderik zuzenena delako aukeratu du, probokazioa edo erotismoa baztertuta. «Irekiagoa da, ni neu ere ahulago ateratzen naiz, eta esanahi mordoa ditu gorputz batek», La Ribotek nabarmendu duenez.



Publikoa, erabat aske



Still distinguished ezin da erraz lotu dantza garaikideko ohiko lan batekin. Artistak berak atal horren baitan dagoela uste duen arren, ugari dira aldeak nabarmentzen dituzten zioak. Esaterako, espazioen mugak ez daude definiturik. Oholtzarik edo publikoentzako tokiak ez dira zehazten. «Ikuslea libre da gertatzen ari dena gertutik edo urrutitik jarraitzeko. Neu moldatzen naiz jendearen desioetara», azaldu du egileak.



Abangoardiako proposamenak dira La Ribotek eginikoak. Baina ez dira oharkabean igaro. 2000. urtean Dantza Sari Nazionala lortu zuen, beste batzuen artean.



Piezas distinguidas sailarekin segitzeko asmoa du, ehun sortu arte (34 daramatza). Azkenaldian, haatik, bideogintzara jo du. Haren ekoizpen bat, Despliegue, Artiumen funtsean dago.

Dokumentuaren akzioak