Dokumentuaren akzioak
Pedro Etxeberria 'Pedrotxo' Oargikoen dantza irakaslea izandakoa hil da
2006ko ekainaren 17an Itsasi Dantza Taldearen omenaldia jaso zuen, San Martin egoitzan
Madalena auzoan jaio zen, 1910eko azaroaren 19an. Imanol Eliasek
Azpeitia, 500... Azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak liburuan
esaten duenez, «Oargi sortzearekin batera Azpeitian osatu zen Loiola
deituriko dantza taldeak izan zuen lehen maisua» izan zen. «Dantzari
garaian ordu asko eskaini bazituen, ez ziren gutxiago izango irakasle
lanean eskainitakoak, prestaketa guztietara inor baino lehen agertuz eta
etxera itzultzeko batere presarik gabe», dio Eliasek Pedrotxoz. «Bizi
egiten zuen dantza eta zer mailatan gainera! Geroago beste irakasle
batzuk izango zituen taldeak, baina ez zuen galduko sekula dantza
taldearekin zuen lotura, bera ezerezean gelditu zen bitartean
behintzat».
Pedrotxok duela 50 urte pasa ekin zion dantza irakasteari
Azpeitian. Baina aurretik dantzari ibilitakoa zen bera. Azpeitiko
Itsasi Taldea, 25 urte liburuak jasotzen duenez, Oargiren aurretik
izandako dantza taldeetan ibilitakoa zen Pedrotxo. «Aurreskua erakutsi
ziguna Pujana izeneko gizon zahar bat zen. Ibiltzeko ere justu-justu
moldatzen zena», kontatzen du liburuak.
Itsasiren liburuan esaten duenez bere dantzako benetako
irakaslea Basilio Lizaso izan zen. Hauxe dio Pedrotxok: «Basilio, Joxe
Lizaso bertsolariaren aita, fenomeno bat zen. Denetik egin zuen: txistua
jotzen zuen bitartean dantzan aritzen zen». Banakoa, Zortzikoa eta
Zahagi Dantza Lizasok erakutsita ikasi zituen Etxeberriak.
2006ko ekainaren 17an Itsasi Dantza Taldeak dantzako maisua
izandakoari omenaldia egin zion, San Martin egoitzan. Etxeberria duela
1956an hasi zen dantza erakusten. Lan horretan hasi zela 50 urte bete
zirela-eta, haren ikasle izandakoak eta Itsasi taldeko dantzari txikiak
bildu ziren Etxeberria omentzeko.
Dokumentuaren akzioak