Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pauso sendoak

Dokumentuaren akzioak

Pauso sendoak

Kritika, Ballet Biarritz Junior 2

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/05/08

Christine Grimaldik gorteko dantzen estiloan eratu du Paradizo pieza, eta mugimendu pausatuak baliatu ditu emozio nabarmenik gabeko konposizio geometrikoak deskribatzeko. Dantzariak, ordea, nahiko makal ibili dira lehen atal honetan, eta horrek zapore gazi-gozoa utzi digu hasieran. Hortik aurrera, aldiz, pauso sendoekin garatu dituzte beste bost koreografiak, argi baino argiago utziz euren dantzarako gaitasuna eta jasotako prestakuntza.

Thierry Malandainen Mozart a 2 eta Christophe Garciaren Les reveuses piezekin dantzaren oso eremu interesgarrietan sartu gara. Lehenean bikote pasionatu baten harreman klasikoa jasotzen da, umore ukitu askorekin, eta bigarrenean pantomima kutsuko dantza ausart eta sortzailea garatu dute hiru emakume dibertigarrik. Atzean geratu da hasierako hoztasuna, eta dantzarien keinu-garbitasuna oso lagungarria izan da dantzaren dimentsio berezi horretan sartzeko.

La valse des fleurs Thierry Malandainen estilokoa da bete-betean eta han nik maite dudan balts bakarra entzuteko parada izan dut, dantzarien lore konposizioek taldearen koordinazioa eta umore ona erakusten zituzten bitartean. Gael Domengerren Sheherezade-n, ordea, estilo militarra iradoki duen erara jantzitako bikote bat ikusi dugu, bere hankak eta gorputzak behin eta berriro jiratzen eta elkarrekin txirikordatzen, era hipnotikoan, errusiar konpositorearen exotismoak lagunduta.

Azkenik, Malandainen Obertura cubana-k jarduera fisiko intentsiboa erakutsi du, keinu eta manera kaletarrak Karibeko koloretasun eta bizipozarekin elkartuz. Arestian esan bezala, bereziki haurrengan pentsatua dirudi Ibilaldi honek, baina, aldi berean, niretzat oso interesgarria izan da ikustea haiekin etorritako helduek ere asko gozatzen zutela kalitate handiko koreografia garaikide hauetaz.

Konpainia: Biarritz Ballet Junior.
Koreografiak: C.Grimaldi, T.Malandain, C. Garcia, G.Domenger.
Lekua: Zornotza aretoa.
Eguna: maiatzak 5.

Dokumentuaren akzioak