Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pauso bihurtutako doinuetan

Dokumentuaren akzioak

Pauso bihurtutako doinuetan

Ruper Ordorika, Antton Valverde, Oreka TX, Itziarren Semeak eta Korrontziren zuzeneko doinuekin ikuskizuna egingo du Amilotx dantza taldeak bihar, Bilboko Euskaldunan

«Gure gaurko dantza berriak etorkizuneko dantza tradizionalak izango dira». Xabi Paya bertsolariak Mungiako (Bizkaia) Amilotx dantza taldearen ikuskizunetako batean esandakoa bere egin du Iñaki Goirizelaiak, dantza taldeko kide eta koreografoak. Hala ibili da azken hamabost urteetan, euskal abestiak pausoekin interpretatzen; dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mugan jauzika. Orain arte sortutako dantzak ikuskizun «berezi eta bakarrean» biltzeko erronka hartu du orain. «Ez dugu inoiz halakorik errepikatuko». Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontzi taldeen zuzeneko doinuekin dantza egingo dute Amilotx dantza taldeko kideek bihar, Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten Kantuetan Dantzan ikuskizunean. Xabi Paya bertsolariak gidatuko du saioa. Sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko, Euskalduna jauregian.
Egilea
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/10/05
Lotura
Berria

Luzaroan egindako lanaren emaitza da biharko emanaldia. Estepan Urkiaga Lauaxeta idazlearen jaiotzaren mendeurrena du ekitaldiak abiaburu, 2005. urtean bete zena. Izan ere, mendeurrenerako hainbat dantza sortu zituen Amilotx dantza taldeak, eta Goirizelaiak hartu zuen koreografiak ontzeko ardura. «Dantza tradizionalak ikasi eta irakasteaz gain, bestelako ideia batzuk proposatzen hasi nintzen orduko ekitaldirako». Bide horri heldu dio azken urteetan ere, harik eta atzera begiratu, eta sorkuntzen bilketa egitea erabaki duen arte.

«Nire bizitza profesionala pixka bat lasaitu zen duela bi urte», azaldu du Goirizelaiak, irriz, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore karguari erreferentzia zuzena eginez. Bi urte igaro dira kargua utzi zuenetik, eta gaztetatik dituen zaletasunentzat tarte gehiago hartu du ordutik. «Bururatu zitzaidan, azken hamabost urteetan egindako lan guztia borobiltzeko, egokia litzatekeela dantza guztiak bildu, eta antzoki batean batera aurkeztea, zuzeneko musikarekin». Orduan hasi zen Goirizelaia pausoak ematen, buruan zuen ideia gauzatzeko asmotan.

Sustraietatik harago

Musikariengana jo zuen lehenik. «Erotuta nengoela erantzungo zidatela uste nuen, baina oso harrera ona egin zioten proposamenari». Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontzi konbentzitu zituen. «Publikoa askotarikoa izatea da gure asmoa, eta horregatik jo genuen horren estilo ezberdinak dituzten musikariengana». Aurreratu duenez, Xabier Lete eta Mikel Laboa ere gogoan izango dituzte.

Musika lortuta, hurrengo lanari ekin zion berehala: denbora luzez sortutako pieza guztiak elkartu, eta kohesioa ematea. «Ezaugarri komuna dute dantza guztiek: gure sustraietatik abiatzen dira dantza guztiak, eta euskal dantza tradizionalean oinarritzen dira, baina ekarpen propioa egin diegu. Dantza klasikoaren eta garaikidearen eragin nabarmena dute». 15 eta 50 urte bitarteko 25 dantzari arituko dira oholtzan dantzan, eta bi orduko emanaldia egingo dute. «Guk abestiak era batean interpretatu ditugu: dantzaren bidez irakurri ditugu, eta saiatuko gara ikusleei hori helarazten».

Victor Olaeta dantzari bizkaitarraren ikasle izan zen Goirizelaia. «Txikitatik edan dut dantza tradizionalaren eta modernoaren arteko nahasketa, eta, horregatik, normaltasun osoz bizi izan dut bi estiloen arteko fusio hori. Beti iruditu zait ekarpen interesgarria dela halakoetan murgiltzea». Oinarri hori du larunbateko ikuskizunak ere, eta ideia hori nabarmendu du behin eta berriz. «Guk dugun aberastasuna itzela da, eta hortik abiatuta zerbait gehiago egitea edo gehitzea oso interesgarria da, nahiz eta batzuetan uzkurtasunak egoten diren».

Gorputzetik igorritakoak

Mintzaira bi elkartuko dituzte emanaldian. «Musikariek kantuen bidez helaraziko dituzte beren mezuak, eta guk mezu horiek interpretatuko ditugu gorputzarekin eta dantzarekin». Azken hilabeteetan entsegu gogorrak egin dituztela aitortu du, eta, Kantuetan Dantzan egitasmoaren abiapuntuari erreferentzia eginez, Lauaxetak idatzitako poemaren esanahia moldatu du, umorea baliatuz. «Dantza emon behar jako maite dan askatasunari». Sekula errepikatuko ez den ekitaldia izango da biharkoa.

Iñaki Goirizelaia dantzari eta koreografoa —eskuinean—, Amilotx dantza taldeko kideekin ikuskizuna prestatzeko entseguan.
Iñaki Goirizelaia dantzari eta koreografoa —eskuinean—, Amilotx dantza taldeko kideekin ikuskizuna prestatzeko entseguan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Dokumentuaren akzioak