Dokumentuaren akzioak
Patxi Pagola, Kemen taldeko kidea:
«Antzerkia eta abestiak dantzarekin nahasten ditugu»
• Zerk egiten du hain berezia Itsasora begira ikuskizuna?
Ikuskizun honen helburua beti egin izan dugun dantza tradizionala aberastea da, beste elementu batzuekin nahastuz. Horrela dantzarekin batera, irudiak, Atzokoak abesbatzaren musika, grabatutako ahotsak eta antzerkia nahasten dira, eta elementu horiekin guztiekin istorio bat kontatzea da gure heburua.
• Itsasora begira ekitaldian zein da kontatzen den istorioa?
Gure ipuineko protagonista bidaiari ezezagun bat da, bere herritik atera eta mundu osoan zehar bidaiatzeko asmoz abiatzen den bidaiaria. Bere ibilbidean Euskal Herrira iristen da, eta lurralde honetako herriak ezagutuz, kostako herri txiki batean bikote bat ezagutzen du. Azken finean amodiozko ipuin bat da kontatzen duguna.
• Nolatan bururatu zitzaizuen horrelako ekitaldi bat antolatzea?
Beno, guk beti lan egin izan dugu elementu berdinekin, hau da, mugimenduarekin eta musikarekin. Baina, gaur egun, hori bakarrik ez da nahikoa eta zerbait gehiago sartzea pentsatu genuen. Hala ere, kontuan hartu behar da guk dantza tradizionala egiten jarraituko dugula aurrerantzean ere.
• Zer egiteko asmoa duzue aurrerantzean?
Hondarribiko dantza erakustaldia amaitu ondoren, Japonian egin behar dugun ikuskizuna prestatzen hasiko gara buru-belarri. Egia esan, lehenago ere bidaiatu izan dugu Europan zehar, baina inoiz ez gara urrunago atera, horregatik oso garrantzitsua da bidaia hau guretzat. Azken finean, Euskal Herriko dantzak erakustera goaz hara.
Dokumentuaren akzioak