Dokumentuaren akzioak
Patxi Montero: "Jendeak erantzuten duen bitartean jarraitu egingo dugu Herrixa Dantzan saioekin"
Kopuru horren bueltan ibiltzen zarete?
Hilero ez da berdin baina azken boladan oso goian gaude. Egia esan hasi ginenean ere oso goian ibiltzen ginen. Zortzi urteotan gorabeherak izan dira, baina hor mantendu gara 50 eta 100 pertsona artean.
Espero zenuen ekimenak zortzi urteko ibilbidea egitea?
Ez nuen proiekziorik. Gogo handia nuen zerbait egiteko eta etxe parean Espaloia sortu zenean sortu ziren leku eta jendarte egokiak, eta jendeak erantzuten duen bitartean jarraitu egingo dugu.
Hasiera helburu berdinekin diharduzu zortzi urte geroago?
Bai. Jendea elkartzea eta dantzan elkarrekin ondo pasatzea da oinarria. Uste dut Durangaldeko, Debabarreneko eta Debagoieneko dantza zaleen bilgune bihurtu dela Elgeta eta sortzen dira harremanak, egiten dugu herrigintza eta jakina euskaraz. Ezkutuko beste balore batzuk ere badaude, noski.
Dantza irakaslea zara lanbidez. Nola prestatzen dituzu Elgetako saioak?
Badago oinarri bat, baina saiatzen naiz saioetan denetik egon dadin eta baita ere gauza berriak sartzen. Beti egoten da lotuan, soltean edo borobilean dantza egiteko aukera. Baita ere kontradantzak, ingurutxoak... Niretzat musika oso garrantzitsua da. Europa mendebaldea hartzen badugu, esaterako, tradiziozko dantzari zein musikari dagokionean badugu oinarri amankomun oso zabal bat, eta bertatik edaten dugu denok. Gero, zuzeneko musikarekin egindako saioek erakarpen berezi bat sortzen dut. Marka jarrita dugu urtean hiru izateko. Elgetako Udalaren laguntza dugu saio horietarako.
Bestelako finantzaziorik baduzue?
Udalak ipintzen du lekua —argindarra, berogailua...—eta ez dugu sarrerarik kobratzen. Bestelako laguntzarik ez dugu bilatu, eta ez dugu behar.
Gustura zabiltza?
Bestela ez nuke egingo.
Dokumentuaren akzioak