Dokumentuaren akzioak
Patxi Montero: "Dantzarako gogoa badago; goraka doan marea bat da"
Herrixa dantzan ekimenak hirugarren denboraldia izango du Elgetan; Bergarara eta Arrasatera ere zabalduko da
Herrixa dantzan gero eta herri gehiagotan!
Elgetan
hasi genuen dantzaldi ireki hau esperimentu bat izan zen. Orain, beste
herri batzuetara ere zabaldu nahi dute, beraz ondo dago. Elgetan eta
Bergaran hasita gaude; Elgetan hileko azken domekan egiten dugu, eta
Bergaran bigarrenean. Arrasaten, berriz, Portaloi elkartearen
laguntzarekin hilaren 28an egingo dugu lehenengo saioa. Garaia
Berrikuntza Guneko jatetxean elkartuko gara 20:00etatik 21:30era dantzan
egitero eta asmoa da saioa hilero, azken egubakoitzetan egitea.
Pentsatzen zenuen duela hiru urte dantzaren bueltan hainbeste jende bilduko zenuenik?
Nik
neuk bai ikusten nuen irakasle nenbilelako inguruko herrietan. Banekien
ikasle kopuru bat bazegoela, dantzarako grina bazegoela eta ezagutzen
dut Euskal Herri osoan zehar ze mugimendu dagoen. Hori goraka doan marea
bat da. Beraz, ikusten nuen erantzun bat izan zezakeela. Bailara
honetan, gainera, ez dago antzerako besterik.
Beste alde batetik
gogoratzen dut Espaloiko arduradunek nola esaten zuten 15-20 lagun
biltzea lortzen bagenu marka ona izango zela. Lehenengo egunean 50etik
gora bildu ginen, eta bigarrenean 100 pertsona egon ginen. Gero hor
ibili gara, batzuetan 50 besteetan 100.
Zergatik dantzarako grina hau bat batean?
Uste
dut dantzarako gogoa badagoela. Ez da hemen bakarrik gertatzen; Euskal
Herri osoan ematen ari den fenomeno bat da, eta Euskal Herritik kanpo
ere bai. Goraka doan fenomeno bat da. Dantza modu natural eta espontaneo
batean, dantza tradizionaletik abiatuta eta eskema finkoak eta itxiak
izan gabe. Dibertimendurako saioak dira, ondo pasatzeko. Dantza errazak
eta politak dira eta musika atseginarekin… erakargarria da. Gainera,
kulturalki nahiko barneratuta dauzkagu mugimenduak eta pausoak dira.
Hortaz, emozionaletik ere hurbiletik daukagu. Erraza da bertan sartzea.
Zein berezitasun izango dute aurten Elgetako saioek?
Urtetik
urtera zerbait berria eskaintzen saiatu gara eta aurten gainera nola
dantzaldi hau Bergaran eta Arrasaten ere egingo den zerbait berria
proposatu behar genuen. Jende hori ere Elgetara erakartzeko alegia eta
zerbait berezia beste herrietan egongo ez dena. Bikote dantzak sartu
ditugu ahal denean soinujolearekin egingo ditugunak. Beste formatu
batean eta publiko ezberdin batendako pentsatua; Espaloira besteek
dantzan nola egiten duten ikustera etortzen dira adineko horiei tarte
bat eskaini nahi diegu. Ez osoa, baina tarte bat. Hala, helduta dantzan
egiten diren piezak eskainiko ditu soinujoleak.
Dokumentuaren akzioak