Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Patxi Adurriaga dantza errejentari esker onez

Dokumentuaren akzioak

Patxi Adurriaga dantza errejentari esker onez

Bi hamarkadaren ondotik, Patxi Adurriagak Begiraleak dantza taldearen kudeaketa utzi du. Joseba Aurkenerenak denbora horretan egin lana goraipatzen du artikuluan.
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Iritzia
Data
2022/06/21
Lotura
Kazeta

 

Joseba Aurkenerena. © Guillaume FAUVEAU
Joseba Aurkenerena. © Guillaume FAUVEAU

Mende hasierarekin batera, dantza errejenta berria etorri zen Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartera. Mutilen taldeez arduratu behar zen eta halaber, mutilen eta nesken arteko koordinazioa egin. Esperientzia handiko errejenta zen, luzaz Hendaiako Akelarre taldean horretan aritutakoa izana baitzen. Garai hartan Begiraleak elkartea bere taldea indartu nahian zebilen, eta Patxi Adurriaga zen horretarako egokiena. Berehala talde eta maila ezberdinak antolatzeari ekin zion. Gure semeak, 11 eta hamar urtekoak zirenez, adin bera, gutti gorabehera, zuten mutikoen taldean sartu zituen. Bere semea talde horretan sartu zuen eta alaba nesken taldean. Eta erran dezaket, orduz geroztik, neskatxa-mutiko horientzat egiazko abentura identitario eta libertigarria hasi zela.

Identitarioa diot, Patxi eta Begiraleak elkarteak euskal dantza euskal kulturaren ondare garrantzitsutzat jotzen baitzuten, eta xedeetako bat zen neskatxa-mutiko horiek Euskal Herri baten partaide zirela senti zezaten. Eta libertigarria ere bazen, gaztetxoen arteko kohesioa landuz, koadrila euskaldun gisako eta alai bat sortzea lortu baitzuen Patxik. Kurtsoetan euskara zen beti ezinbesteko elementua.

Patxi Adurriaga bete-betean sartu zen neskatxa-mutiko haien kudeaketan. Hogeita bi urte hauetan, errejenta izateaz gain, jostuna, sukaldaria, formatzailea, hezitzailea, sortzailea eta bultzatzaile nekaezina izan da, Begiraleak elkarteko dantza taldea goi mailara berriro igoaraziz. Oroit dezagun Begiraleak elkarteko dantzariak aski ospetsuak izan direla beti, batez ere, Betti Bidart errejenta mitikoaren garai emankorretan. Bidarten gidaritzapean, Begiraleak erreferentzia izan zen Lapurdiko dantzarien artean eta Adurriagarekin, goi mailara itzultzea lortu zela, erran beharra dago.

Gaur Begiraleak elkartean, ainitz dira, Patxirekin formatu dantzari gazteak, belaunaldi berria osatzen dutenak, eta dantza taldea kalitate eta ospe handiko bideetatik barna eramateko prest direnak. Eta hori, Patxiren lan handiari aitortu behar zaio, neurri handi batez.

Gogoan diat, 2011n Quebec-era joan ginenean, zer nolako ikusgarri ederrak eskaini zituzten amerikar lurralde haietan, eta zer nolako talde aberats eta jatorra eraman zuen. Euskal ikurrina airoski eraman zuten bazterrez bazter gure nazioaren berri hango jendeei emanez. Eta gauza bera gertatu zen 2016ko maiatzean, independentzia erreferendumaren bezperan, Kataluniara egin genuen bidaian, gure dantzariek Euskal Herriko enbaxadoreak izaten jakin baitzuten. Eta hori dena, Patxiren eta Begiraleak elkarteko gainerako dantza errejentei esker.

Gaur Begiraleak elkartea dantza talde indartsua du, eta horretaz gain, maila ttikiagoetan badu segida ziurtatuta. Hori da Patxik eta beste errejenteek bi hamarkada hauetan egin duten lan handiaren emaitza, luzaz fruitu ederrak emanen dituena. Geroak erranen.

Aurten, Patxik Begiraleak dantza taldeko kudeaketa utzi du, unatua sentitzen baita. Normala da, bi hamarkadetan den-dena eman duena akituta egotea. Pena dugu bihotzean, baina jakin badakigu gauzak eta pertsonak ez direla betiko. Mila esker Patxi, Begiraleak elkartean zurekin batera ibiltzeko aukera izan dugun dantzari, guraso, musikari eta gainerako bazkideen partetik. Guretzat ohore handia izan da zurekin lan egitea eta alde batetik bestera ibiltzea. Badugu zor handia zurekin, nehoiz kitatu ezin izanen duguna. Besarkada handia, Patxi!

Dokumentuaren akzioak