Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pastoral bat ikusi ahalko da larunbatean Elgoibarren

Dokumentuaren akzioak

Pastoral bat ikusi ahalko da larunbatean Elgoibarren

Elgoibartarrek eta nahi duten gipuzkoar guztiek Ederlezi pastorala ikusteko aukera izango dute datorren larunbatean (17.30ean) Herriko Antzokian.
Egilea
Jabi Leon
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Elgoibar
Mota
Albistea
Data
2015/11/10
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Haritz dantzari taldeak, Elgoibarko Izarra elkarteak eta Udalak, Etxe-tar enpresaren eta Txarriduna hotelaren laguntzarekin antolatutako ikuskizun hori Gotzon Garate idazle eta euskaltzalearen oroimenez herrian burutzen ari den Haizea dator Iparraldetik! egitasmoaren baitan kokatzen da eta Elgoibarko Izarratik jakinarazi dutenez, “guk dakigula, Elgoibarren pastoral bat ikusteko estreinako aukera izango da datorren larunbatekoa”.

Ikuskizunaren ezaugarriei dagokionez, Mixel Etxekoparrek idatzi duen eta Nicole Lougarot zuzentzen duen Ederlezi pastoralak XVII. eta XXI. mendeen artean Euskal Herrian bizi diren ama baten eta bere zazpi alaba ijitoen istorioa kontatzen du: “Familia bati jarraituko diogu, mendez mende eta herriz herri, Bizkaitik Zuberoara, Lapurdiko sorginen ehizan edo Bigarren Mundu Gerran sortzen duten miresmenaren edo gorrotoaren testigu”.

Edonola ere, pastorala ikusteko asmoa duten guztiek dagoeneko eros ditzakete sarrerak, 5 eurotan, Elgoibarko Izarra elkarteak Ubitarte kalean duen egoitzan (erreserbak elkartearen 943 741 626 telefono zenbakira deituz ere egin daitezke).

Hori bai, pastorala ez da Haizea dator Iparraldetik! egitasmoaren baitan datorren larunbatean Elgoibarren burutuko den kultur ekitaldi bakarra. Izan ere, egitasmo horri amaiera ona emateko kontzertu berezia izango da 23.00etatik aurrera Gaztetxean.

Gazte Asanbladaren laguntzarekin prestatutako musika jaialdi horretan Nahia x Matthys eta Xiberoots taldeek parte hartuko dute. Kontzertu horretarako sarrerak larunbatean bertan jarriko dira salgai, 3 eurotan, Gaztetxean.

Antolatzaileek elgoibartar guztiak animatu nahi dituzte Haizea dator Iparraldetik! ekimenari amaiera emateko datorren asteburuan izango diren ekintzetan parte hartzera.

Larunbatean Elgoibarren ikusi ahalko den "Ederlezi" pastoralaren une bat

Dokumentuaren akzioak