Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Parte-hartze kulturalak gora egin du EAEn hamar urtean

Dokumentuaren akzioak

Parte-hartze kulturalak gora egin du EAEn hamar urtean

EAEko biztanleek azken hamar urteetan izan dituzten parte-hartze kulturalerako joerak aztertu ditu Lakuako Gobernuak, eta horren arabera antzerkira, kontzertuetara, dantza ikuskizunetara, zinemara, liburutegietara, museoetara eta bertso saioetara joaten den publikoa nabarmenki handitu da. Paperean irakurtzen duen jendea, ordea, murriztu egin da.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2019/12/12
Lotura
Naiz

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Kulturaren Euskal Behatokiak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Parte-hartze Kulturalari buruzko Inkestaren datuak aurkeztu zituen atzo. Azterlanak erakusten duenez, azken hamar urteetan bilakaera positiboa izan da praktika kulturaletan, bereziki antzerkira (%21,8tik %45,7ra igaro da), kontzertuetara (%16,6tik %40ra) eta dantza-ikuskizunetara joateari dagokionez (%9,3tik %30,6ra). Bestalde, aztertutako 12 praktiken artean, hiru baino ez dira jaitsi: egunkarien irakurketa (9 puntu gutxiago, nahiz eta herritarren %77,4k egunkariak irakurtzen jarraitzen duten), aldizkariena (6 puntu gutxiago, %33raino) eta galerietara eta erakusketetara egindako bisitak (ia hiru puntu gutxiago, %18raino).

EAEko biztanleriak kulturarekiko jarrera positiboa adierazten du 1etik 10erako eskala batean: kultura jardueretan parte hartzeak duen garrantzia 7,34 puntuan dago. Liburuak irakurtzea eta zinemara nahiz kontzertuetara joatea dira praktika zabalduenak (biztanleriaren %60ren gainetik daude). Ondoren, %40-50 bitarteko portzentajearekin gutxi gorabehera, museoetarako bisitak, antzerkira joatea eta liburutegira joatea daude. Nabarmentzekoak dira dantzara joatea, bideo jokoetara jokatzea eta arte galerietarako bisitak ere.

Azken hamarkadan %61 igo da kultura elkarteetan parte-hartzea. Biztanleriaren %13k kultura elkarte batean parte hartzen du; %2,6k batean baino gehiagotan. Hiru biztanletik batek amateur mailako praktikaren bat egiten du. Era berean, biztanleriaren %32,6k adierazten dute gutxienez urtean behin parte hartzen dutela sormenezko jardueretan.

Internet, tresna berria

Internet informazioa eskuratzeko tresna eroso bat da, azterlanak islatu duenez. Oso zabalduta daude albisteen irakurketa, informazio bilaketa eta musika entzutea (%70-85). Ez dute hain zabalpen handia (%43-49) zuzeneko ikuskizunetarako tiketen erosketak eta webgune edo blog pertsonaletarako bisitak.

Sare sozialek kultura partekatzea errazten dute. Interneten maiz sartzen den biztanleriaren artean, %16,5ek material propioa partekatzen dute sare sozialetan. %25ek beste autore batzuen material artistikoa partekatzen dute. Bostetik batek sareak beste artista batzuk ezagutzeko edo haiekin harremanetan jartzeko erabiltzen ditu. Ia %16k gogoeta pertsonalak idazten ditu eta %14k kultura foroetan parte hartzen du.

Bestalde, inkestak islatzen du kultura edukia duten plataformak aurrera doazela. 10 biztanletik hiruk kontu bat dute kultura edukia duen plataforma digitalen batean. Gazteen artean proportzioa bikoiztu egiten da. Halako plataformetan konturen bat duten ohiko internautak kontuan hartuta, hirutik bik ordainpeko kontu bat dute, dela banakoa dela taldekoa.

Euskarazko parte-hartze kulturalari dagokionez, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko datu globalak antzekoak dira. Inkestak, abiapuntu gisa, euskararen ezagutza neurtu du: EAEko 15 urtetik gorako biztanleen %36,1ek dakite euskaraz (orain dela hamar urte baino 7 puntu gehiago). Datuak bat datoz 2016an egindako Euskararen azken Inkesta Soziolinguistikoarekin.

Ikerketaren arabera, herritarren euskarazko parte-hartze kulturalak bilakaera positiboa izan du, Euskal Herri osoko datuekin gertatzen zen bezala. Euskarazko antzerkira joateko joera laukoiztu egin da, bertsolarien ikuskizunetara joateak eta euskal musika entzuteak ere gora egin dute (euskaldunen %82k euskarazko musika entzuten dute).

Dokumentuaren akzioak