Goizeko hamaiketako mezaren ostean izan ohi da Corpusetako prozesioa. 11:45ean, baina, zaparrada egiten zuen parrokia barruan egitea erabaki du kofradiak. Euritakoekin tapatu dituzte apostoluak ordurako Santa Anan pilatuta zeuden herritarrek eta parrokiaraino lagundu. Berdin San Migelekin ere. Txistulariek eta dantzariek ere parrokiarako bidea hartu dute, korrika, eta denak elkartu direnean hasi dute prozesioa, klaustroan eta elizan barrena. Musika bandako kideek ere hartuta zuten ordurako tokia parrokia barruan.
Pare bat itzuli egin dituzte apostoluek, kofradeek, dantzariek, txistulariek eta San Migelek. Amaieran, aldarera igotzeko eskaileretan kokatu dira apostoluak eta euren parean, behean, egi dute dantza dantzariek. San Migelek parrokiako erdiko pasilloan egin du "buelta".
Dena zuten gertu
Euri arina egin du Oñatin goizetik baina ez da nahikoa traba izan irudiak parrokiaraino eramateko, dantzariek lagunduta. San Migelen irudia ere betiko orduan, 10:45ea, eraman dute kontzejupetik elizaraino. Plazan hesiak jarri dituzte, kale Zaharreko aldarea ere bai, baita kaleetan ixaak ere, kanpaiak jo dituzte eta herritarrek Santa Anan ikusi ahal izan dute, urteroko moduan, prozesioko prestaketak. Dena zuten gertu, baina justu prozesioa atera behar zen orduan zaparrada ziharduen eta ez da kalera atera. San Migel parrokia barruan egin dute aurtengo prozesioa. Musika bandak ere Zubikoako frontoira pasa zuen kontzertua.