Dokumentuaren akzioak
Parekidea izan da aurten San Martzialen egindako soka-dantza
"Berez mutilen dantza da San Martzialen egiten dugun soka-dantza, baina berdintasunaren alde, aurten parekatua izan da. Lehenengo aldia da dantzari erdiak neskak eta beste erdiak mutilak direna", azaldu du Jose Mari Larrañagak eguerdian San Martzialen bertan, dantza hasi baino minutu batzuk lehenago.
Dantzak hasi orduko jendea tokia hartuta zegoen San Martzialeko zelaian. Musika doinuak erakarrita hasi dira poliki-poliki tokia hartzen. Segidan, Sebastian Lizaso eta Maddalen Arzallus bertsolariek ongietorria egin diete denei eta handik gutxira hasi da dantza saioa. Ohitura den moduan udal ordezkariak ere dantzan egin dute gaur eta ikusleen artetik dantzara atera direnen artean zeuden Ahobizi eta Belarriprest ere.
Batzuk dantzak ikusten zeuden bitartean bazkaltzeko tokia egokitzen ari ziren kuadrilla asko bakoitza bere txokoan. Kantinan ere ez zen jenderik falta eta iturria umez beteta zegoen, pistolak urez kargatzera joanda denak.
Dantzak bukatu ostean elkarretaratze jendetsua egin dute zelaian Martxanterak taldeak deituta. Justizia patriarkala ez da justizia irakurtzen zen kartelaren atzean herritar asko batu dira. Gora borroka feminista oihuak ere entzun dira.
Bazkaltzeko ordua iritsi denean jendea egunaz disfrutatzen ari zen oraindik. Eta bakarren bat telefono mugikorrean eguraldi iragarpena zein den kontsultatzen ere bai.
Dokumentuaren akzioak