Dokumentuaren akzioak
Paper apurtuak
Dantza: Ezustekoa-Unerwartet
Gai bereko pieza labur baten luzapena da oraingo hau, eta taula gainean
Mikel bera eta beste hiru dantzari dabiltza gertakizun haiek sortutako
sentimenduak islatzen. Izan ere, dantzaren planteamenduak oso urrunetik
ekin dio deskribapen lanari, eta azpian dagoen historia aurretiaz
ezagutzen ez duenak ez du benetako narraziorik igarriko, barne gogoetak
eragindako sentimendu kontrajarriak baizik.
Hala ere, badira balizko narrazioari eusteko elementu eszeniko
batzuk, hala nola itaunketarako aulkia eta paperezko pantaila
zeharrargia -pantaila horretan agertuko da une batez Mikelen beraren
aitaren irudia, piezaren jatorrian dagoen poema errezitatzen-, baina
gainontzeko pasarte gehienetan beren baitan bilduta agertuko dira
dantzariak, barne-barneko gogoetan murgilduta, eta, unez uneko
paralelismo labur batzuk kenduta, ez dute haien artean ia harremanik
izan.
Proposamenaren abstrakzio maila handia izan da, eta
soinu-bandak bete du hari eroalearen funtzioa, baina niri behintzat
nahasia egin zait, seguruenik sortzailearen baitako emozio konplexuen
isla delako. Gauzak horrela, emanaldian zehar perkusioa, ahotsak,
txalaparta, soinu elektronikoak, irrintziak, interferentziak eta
Kerobia taldearen kanta zati bat entzun dugu, baina, beste ezeren
gainetik, Laboaren Baga, biga, higa nagusitu da, bere bertsio sinfoniko ederrean.
Arestian esan bezala, oraingo hau aurreko pieza batetik sortu
zen. Hori dela eta, ni damu naiz orduko hura ikusi ez izanaz, zeren
eta, askotan, jatorrizko proposamen soil eta laburrak eraginkorragoak
baitira beraien luzapenak baino.
Koreografia: Mikel Aristegi. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Data: Urriak 11.
Dokumentuaren akzioak