Dokumentuaren akzioak
Paola Moto: "Estimu berezia diot 'Dantza' filmari, eta ilusio handiz hartu dut EZAEren saria"
Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen (EZAE) saria jaso du Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako Dantza filmak. Txintxua Flms ekoiztetxeak sortutako ikus-entzunezkoa da Dantza, eta Txintxuako produkzio departamenduko kidea da Paola Moto (Azpeitia, 1994). Atzo, asteartea, jaso zuten Txintxuako kideek EZAEren saria Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian, eta bertan izan den Moto. Hain zuzen, Telmo Esnal zuzendaria, Txintxuako Marian Fernandez eta Paola Moto, eta Juan Antonio Urbeltz, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal eta Iñaki Arregi izan ziren sari banaketa ekitaldian. Euskal zinemagintza industriari egindako ekarpena eta filmaren arrakasta, ibilbidea, kalitatea eta originaltasuna aitortu dizkio EZAEk Dantza filmari. Motok "pozez" hartu du berria: "Estimu berezia diot Dantza filmari, eta ilusio handiz hartu dut EZAEren saria".
Atzeko lanetan, fin
Moto 2015. urtean izan zen aurrenekoz Zinemaldian Txintxua Films ekoiztetxearekin. Orduko hartan, Amama filma izan zen jaialdira eraman zutena, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen Zinemaldiko Sail Ofizialean. Orduz geroztik, zinemaldiz zinemaldi, azpeitiarra urtero izan da Donostiako zinema jaialdian. "Txintxuaren bulegoetan lanean hasi nintzenean ja Dantza filmaren inguruan hitz egiten entzuten nituen lankideak. Ikus-entzunezkoak urte askoko lana du atzetik, eta gertutik ezagutu ahal izan du. Sormen prozesua luzea izan da. Gainera, dirulaguntza publikoen zain egotea luze joaten da, horiek jaso arte ez baitago filma ekoizteko berme finkorik. 2016. urtean jaso genituen dirulaguntzak, eta 2017an ekin genien grabaketei. Hilabete asko eman genituen grabaketak egiten", azaldu du Motok. Txintxuako produkzio eta zuzendaritza departamentuetan egin du lan azpeitiarrak, baina bulegoko lanez aparte, grabaketetan ere parte hartzen du. Horrela azaldu du Motok: "Dantza filmean jende asko aritu gara lanean, 60-70 tekniko inguru grabaketa saio bakoitzean. Filma bukatuta nahiz bukatu aurretik, asko dira egin beharreko lanak eta prestatu beharreko materiala: kontratuak egin, trailerra eta spota prestatu, salmentarako DVDak egin, prentsa dosierrak, webgunea eguneratu... egin behar horien koordinazio lanen atzean ibili naiz".
Dantza iaz iritsi zen Donostiako Zinemaldira, eta Sail Ofizialean izan zen, lehiaketatik kanpo. Orduan ere promozio lanak egiten ibili zela kontatu du Motok, Txintxuako zuzendari, koreografo, dantzari eta talde tektikoko jendearekin batera. 2018ko abenduaren 21ean estreinatu zuten filma, eta orduz geroztik Espainiako eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotara iritsi da. Dantzan ez ezik, Txintxua Filmsek ekoiztutako Oreina filmean ere lanean ibilia da Moto: "Aurten ez dugu grabaketarik izan, baina lan ugari izan dugu Oreinarekin eta Dantzarekin, hedapen handia izan baitute. Gure ardura ere bada filmak zinema aretoetara iristea".
"Film magikoa"
Dantza filmak izan duen ibilbidea aztertuz gero, EZAEk emandako saria "merezitako aitortza" dela pentsatzen du Motok: "Nire aburuz, filma magikoa da, baina ez genekien zinema aretoetan nola hartuko zuten ikusleek; izan ere, badu arrisku kutsu bat, ez baitu apenas dialogorik". Egindako bideari begira jarrita, Motok azaldu du 45.000 ikusle baino gehiago izan dituela Dantzak eta hamalau astez iraun zuela zinema karteldegian. Hori "ederra" dela dio azpeitiarrak.
Dokumentuaren akzioak