Dokumentuaren akzioak
Palestinaren aldeko bi ekitaldi, hilaren 30ean
Dabkea dantzatzen duten Haweia taldea Palestinako Ipar Zisjordaniako Askar errefuxiatu-eremuan bizi diren 15 pertsonaz osatua dago. Lille eta Nablus Adiskidetasun Elkarteak, Lilleko Udalak eta Kataluniako Palestinar Komunitateak bultzaturik Frantziar eta Espainiar Estatutik bira egiten ari dira dantza taldeko kideak, eta Hondarribian ere izango dira bira honen baitan. Etxara Hondarribia Elkartea eta Hondarribiko Udalak elkarrekin antolatu dute Haweia dantza taldearekin trukaketa hau.
Dabke dantzaren bidez “palestinar herriaren identitatea gorde eta zabaltzea” dute helburu. Dabkea dantza soil bat baina gehiago dela nabarmendu dute, “palestinar herriaren erresistentzia, batasun eta ondare kulturalaren sinboloa” baita. Palestinar herria kolonizazioa jasaten ari den herria dela azpimarratu dute.
Hilaren 29an egingo duten emanaldiaz gain, hilaren 30ean bi ekitaldi antolatu dituzte Hondarribian. Eguna 10:00etan hasiko dute “elkartasun-ikur modura” herriko lur publikoan olibondo bat landatuz, “Palestinako herria genozidioa eta apartheida jasaten ari den une batean”. Olibondoa “bakea eta itxaropena erein eta sustraitzeko” lekua izatea nahi dute.
Eguneko bigarren hitzorduari 12:00etan ekingo diote, Haweia dabke dantza talde eta Kemen euskal dantza taldearen arteko topaketa eta tailerrarekin Hondarribian zehar.
Dokumentuaren akzioak