Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Palestinar herriarekin elkartasunerako asteburua antolatu dute Hondarribian

Dokumentuaren akzioak

Palestinar herriarekin elkartasunerako asteburua antolatu dute Hondarribian

Egilea
Aitor Errazkin
Komunikabidea
Antxeta Irratia
Tokia
Hondarribia
Mota
Albistea
Data
2024/11/28
Lotura
Antxeta Irratia

Bakea eta itxaropenaren ikur, olibondo bat landatuko dute Kasino Zaharrean larunbatean 10:00etan. Iazko marmitako herrikoiarekin palestinar herria laguntzeko dirua bildu eta gero, Etxara elkarteak "Palestinar herriaren aldeko" asteburua antolatu du Hondarribian Udalaren laguntzarekin. Ipar Zisjordaniako Askar errefuxiatu eremuko Haweia dantza taldearen ikusgarriarekin hasiko dira ostiralean Itsas Etxean (20:00etan).

Palestinar herriarekin elkartasun keinuak ugariak izan dira Hondarribian iazko urriaren 7an Israelen erasoak hasi zirenez geroztik. Baina elkarretaratzeez harago, palestinar herria errealki laguntzeko lanean dabil Etxara elkartea herrian. Eta asteburu honetan urrats bat gehiago emango dute Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Batetik, Ipar Zisjordaniako Askar errefuxiatu eremuko Haweia dantza taldeko dantzariak herrira gonbidatu dituzte, eta azaroaren 29an 20:00etan Itsas Etxean "DAKBE" ikuskizuna aurkeztuko dute. Sinbologiaz beteriko erresitentziaren Dakba dantza tradizionala egiten dute palestinar dantzari hauek. Hitzordua Itsas Etxea auditoriumean izango da 20:00etan, eta gonbidapenak Arma Plazan eskura, internet bidez eta Itsas Etxeko lehiatiletan ostiralean bertan eskura daitezke.

Ramon Muñoz, Etxara elkarteko kideak azaldu digunez «nolabait lagundu behar zutela» erabaki zuen Hondarribiko lagun talde batek. Eta Palestinan kontaktuak dituzten Andaluziako Xerez eta Herri Katalenetako Bartzelonan duten elkartasun sarearen bitartez lortu dute palestinar herria diruz laguntzea eta babestea. Xerezeko lagunen bitartez palestinarrak laguntzeko aukera zegoela ikusita, uztailan marmitako herrikoi bat antolatu zuten herriko saltokiekin eta Done Pedro Itsasgizonen Kofradiaren laguntzarekin dirua biltzeko. «Baina palestinarren sufrikarioak jarraitzen duela ikusita segitu behar da», dio Muñozek. Harremanetan jarraitu dute andaluziarrekin, eta oraingo honetan Bartzelonako beste eragile batzuen eskutik suertatu da asteburu honetan antolatutako "DAKBE" ikuskizuna Hondarribira ekartzea. «Oinekin egiten duten dantza tradizionala da, beren identitatea gordetzeko ikur gisa erabiltzen dute, eta beren izaera eta kultura aldarrikatzeko duten munizio bakarra da», azpimarratzen du Etxara elkarteko kideak. 

Bestalde, larunbatean 10:00etan Kasino Zaharrean eman dute hitzordua sinbolismoz beteriko olibondo baten landaketa egiteko. Palestinarrentzat olibondoa zuhaitz bedeinkatua da, lurrari lotura, bakea eta erresistentzia sinbolizatzen duena, eta oraingo honetan «munduko herriekiko elkartasun ikur modura» herriko lur publiko batean olibondo bat landatzea erabaki dute. Udalak baimena eman die Kasino Zaharrean egiteko, eta «bakea eta itxaropena erein eta sustraitzeko lekua» bilaka dadin. 

Eguneko bigarren hitzordua 12:00etan egingo dute Portua auzoko Madalen plazan. Haweia Dabke eta Kemen euskal dantza taldearen arteko topaketa eta tailerra egingo dute bertan, emanalditxo batekin. 

Dokumentuaren akzioak