Dokumentuaren akzioak
Palestinar eta israeldarren gogoeta
Back up egitarauak lau film eta koreografia bat batzen ditu, eta gatazka eremutik urrun garatu da, Frantziako zenbait zentro koreografikok lagunduta. Nik lan honetatik gauza bi nabarmenduko nituzke. Bata, dantzariek urruntasunak emandako perspektibarekin prestatu ahal izan dutela beren lana, hau da, unez uneko gertakizunek emaitza baldintzatu barik. Eta bestea, gai nagusia ez dela gatazka bera izango, baizik eta bakoitzaren barne kokapena egoeraren aurrean eta mugaz bestalde bizi denaren aurrean. Lekua: Bilboko La Fundicion aretoa. Egunak: bihar eta etzi, 20:30ean.g BOCACCIOREN KONTAKIZUN JOSTAGARRIAK. Batzuetan, gatazka egoeran umorea da geratzen zaigun gauza bakarra, eta horrela ulertuko zuten Florentzia inguruko etxalde batean izurrite beltzetik babestu ziren neska eta mutil gazte haiek. Ados konpainiak antzerkirako sortu duen Dekameroia-ren bertsioa bikaina da moldaketa aldetik eta primeran funtzionatzen du euskaraz. Gainera ekintza oso aktiboa da dramaturgia arina eta irudimentsuari esker. Eszenografia guztiz hotza eta gaiaren errepikapena alde batera utzita, oso lan estimagarria da. Lekua: Andoaingo Bastero kultur gunean. Eguna: gaur, 21:30ean.
Dokumentuaren akzioak