Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Otxandategi Dantza Taldea: "Etxean dantzatzea beti da pozgarria"

Dokumentuaren akzioak

Otxandategi Dantza Taldea: "Etxean dantzatzea beti da pozgarria"

Egilea
Iker Rincon Moreno
Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Berango
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/07/18
Lotura
Hiruka
Urtero, haien errepertorioa moldatzen dute Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzak herriari erakutsi ahal izateko. © OTXANDATEGI

Udalerrian euskal kultura erakutsi guran, urtez urte dantza-emanaldiak eskaintzen ditu Berangoko Otxandategi Dantza Taldeak. Hala, txikienek zein nagusienek, Euskal Herriko baile ezagunenak, eta ez hain ezagunak, taularatuko dituzte udalerriko festetan auzokideen gozamenerako.

Berangoko dantza-talde gisa, zer dira zuentzako udalerriko jaiak?

Emozio handiz itxaroten ditugun datak dira. Talde osoa elkartzen gara, eta aspaldi ikusten ez dugun jendearekin berriz ere topo egiteko uneak dira, baita familiarteko eta kuadrillako bazkariak egiteko eta nolabait oporrak ezin hobeto hasteko ere.

Urtez urte, dantza-taldekoek parte hartzen duzue horietan dantzan. Zelako harrera duzue ikuskizun horietan?

Etxean dantzatzea beti da pozgarria, gertuko jendearen babesa sentitzen dugulako. Oso harrera polita eta beroa jasotzen dugu.

Egiten dituzuen ikuskizunei dagokienez, urtero dantza berdinak egiten dituzue ala moldatzen dituzue?

Euskal Herriko zazpi probintzietako dantzak taularatzen ditugu normalean, baina denak ez dira ikuskizun batean sartzen, oso luzea izango litzatekeelako; beraz, urtero lurralde desberdinetako dantza batzuk sartzen ditugu errepertorioan, beti berdinak ez izateko, eta baita gure herriaren aniztasuna plazaratzeko ere. Aurten, adibidez, aspaldi dantzatu ez ditugun pare bat dantza prestatu ditugu. 

Jaietan dantzatzeak taldea herrian ezagutarazteko baliagarria dela uste duzue?

Bai, noski; guretzako urteko ikuskizunik garrantzitsuenak dira, euskal kultura sustatzeaz gainera, urte osoko lana aditzera emateko aukera dugulako. Inportantea da herrian presentzia izatea, ez dakigulako nondik etorriko diren kide berriak...

Zein egunetan eta zelan parte hartuko duzue aurten?

Santa Anako jaietan, txikien taldeko emanaldia izango dugu, uztailaren 26an, 12:00etan. Urtero legez, herriko nagusientzako emanaldia prestatu dute.

Santo Domingo jaietan aldiz, nagusien eta txikien emanaldiak egingo ditugu. Nagusien taldea abuztuaren 2an izango da, jaien hasiera-egunean; eta txikiena, hilaren 4an. Gainera, egunero taldeko txosnan ikusiko gaituzue, baita afariak ematen ere gure lokalean.

Adin guztietako dantzariak zaudete...

Bai! Txikienak 4 urterekin hasten dira dantzatzen. Nagusien taldean eta musikarien artean, aldiz, gazte zein helduak ditugu, baita beste diziplina batzuetan ere, hala nola joaldunen taldean eta abesbatzan. Baina taldearen parte diren beste pertsona inportante asko ditugu ere.

Dokumentuaren akzioak