Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oteiza, dobla eta fini

Dokumentuaren akzioak

Oteiza, dobla eta fini

Kukai dantza konpainiak 'Otehitzari biraka' ikuskizunaren berrikuspena eskainiko du igandean, Bilbon, Loraldia jaialdian: 'Oteizak 110'

Koreografia bati buruz ari balitz bezala, Jon Maia dantzari eta koreografoak 2005ean kokatu du Kukai dantza konpainiak egin duen ibilbidea abiatzen duen lehen urratsetariko bat. Urte hartan estreinatu zuten Otehitzari biraka ikuskizuna, Tanttaka antzerki konpainiarekin elkarlanean eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Jorge Oteiza artistaren esanak ziren emanaldiaren oinarria, eta hitz haien gainean egiten zuten dantza Kukaiko kideek. Eta, Maiaren hitzetan, dantza haietan dago konpainiak euskal dantza eta dantza garaikidea uztartzeko asmatu duen bidearen abiapuntua. «Orduan ez nekien, baina, distantzia batekin, orain esan dezaket zein garrantzitsuak izan diren garai hartan hartutako erabaki estetiko eta kontzeptualak». Duela hamahiru urteko pieza hura berrikusi, eta haren 30 minutu inguruko bertsio bat osatu dute Loraldia jaialdirako. Oteizak 110 izendatu dute ikuskizuna, eta igandean emango dute Euskalduna jauregian. Hiru pase egingo dituzte goizean, bata bestearen segidan.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/03/14
Lotura
Berria
Oteiza jaio zenetik 110 urte beteko dira aurten, eta Kukaikoek piezaren titulura eraman dute urteurrena. 2005ean bezala, oraingo honetan ere artista izango da ikuskizunaren ardatza, eta, bost dantzarirekin batera, eskultorearen hitzak eta irudiak ikusi ahal izango ditu ikusleak, pantaila bati esker. «Oteizaren hitza gaurkotasun bizikoa da oraindik ere, eta ikuskizunean entzuten zaizkion gogoeta batzuk gaur bertan sinatzeko modukoak dira», esan du Maiak.

Biluzte ariketa

Oraingoan, emanaldia biluzi nahi izan dute, Maiak aitortu duenez. «Lan honetan oinarri-oinarrizkoarekin gelditzea izan da gure asmoa, eta publikoarengandik ahalik eta gertuen gelditzea». Horregatik hautatu dute Bilboko Euskalduna jauregian aritzea. Apenas agertokirik jarri gabe, publikoak zirkuluerdi moduko batean inguratuko ditu dantzariak. «Dantza oso minimalista eta soila da. Ez da batere sofistikatua, baina uste dut baduela edertasuna oinarrizkotasun horretan». Eta, zehaztu duenez, dantza soil horiek eta Oteizaren hitzak dira, hain zuzen, emanaldiaren funtsa.

1937, gogoaren bidezidorretatik izan zen Kukaikoen lehen pieza, eta Maiak dio jauzi bat izan zela hortik Otehitzari biraka egitea. «Lehengo asmo bera dugu orain ere: sormen garaikidea sustatzea, dantza tradizionaletik abiatuta. Baina lehen pieza hori, estetikoki, dantza tradizionalaz gehien ezagutzen dugun esparru horretan zegoen. Otehitzari biraka egiterakoan erabat bestelakoa zen gune batean jarri ginen. Lan estilo baten garapenaren hasiera izan zen».

Igandekoak izango dira Kukaikoek eskainiko dituzten Oteizak 110 ikuskizunaren emanaldi bakarrak. Ez dute asmorik saio gehiago egiteko. «Loraldia jaialdiaren lan ildoarekin oso bat dator euskal sortzaile erreferentzialak sorkuntzarako oinarri hartzea», azaldu du Maiak. «Gure asmoa hemen geratzea da».

«Beti jarri nahi izan dugu arreta dantzaren alorrean», azaldu du Aitor Narbaizak, jaialdiko produkzio arduradunak. Kukai konpainiak, esate baterako, jaialdiaren edizio guztietan hartu du parte, eta aurtengoa ere ez da salbuespena.
Jon Maia, Kukai dantza konpainiakoa.
Jon Maia, Kukai dantza konpainiakoa. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak