Indarra dantza taldeak 50. urteurreneko ospakizunekin jarraitzen du. Inauteriekin batera, lehenik, Plaza Berrian ikuskizun berezia sortu zuten; udaberrian herri bazkari bat antolatu zuten Indarra elkarteko egungo eta antzinako kide guztiekin; Andre Maria Zuriaren jaietan ere Gasteizko Zortziko tradizionalean parte hartu zuten, elkarteak berak berreskuratu zuen dantzarekin; eta asteburu honetan, ospakizun gehigorako gogoz datoz.
Larunbatean, azaroaren 4an, 50. urteurrenaren ospakizunarekin jarraitzeko, euskal dantzaz eta musikaz beteriko arratsaldea antolatu dute elkartearen txarangarekin. Kalejira 18:00etan hasiko da Santa Maria plazan, eta bi orduz luzatuko da erdialdeko kaleetan zehar. Arratsaldea dantzekin eta musikarekin girotzeaz gain, kontzertua ere antolatu dute; 21:30ean, Tapia eta Leturia bikoteak joko du Jimmy Jazz kontzertu aretoan. Duela gutxi itzuli da trikitilari bikotea agertokietara, urte batzuetako geldialdiaren ondoren.
Indarraren 50. urteurrena elkarrekin ospatzen jarraitzeko, elkartetik herritar guztiei egin diete antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gonbita.