Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Oso polita izan da folklorearen bidez elkartzea»

Dokumentuaren akzioak

«Oso polita izan da folklorearen bidez elkartzea»

Euskal dantza Errumanian. Eraiki taldeko 24 gaztetxok, lau begirale eta bi musikarirekin, Vatra Dornei hiriko nazioarteko dantza festibalean parte hartu dute
Egilea
Joana Ochoteco
Komunikabidea
El Diario Vasco
Tokia
Irun, Errumania
Mota
Albistea
Data
2025/07/26
Lotura
El Diario Vasco
«Oso polita izan da folklorearen bidez elkartzea»

 

Irun eta Errumaniako Vatra Dornei hiria pixkat gertuago daude Eraiki Dantza Taldeak bertan bizi duen esperientziari esker. Taldeko 24 gaztetxok, lau begiralek eta bi musikarik Vatra Dorneiko nazioarteko dantza jaialdian parte hartu zuten joan den astean. Bertaraino joan zirenak «gure ertainak dira, 10 eta 16 urte bitartekoak», azaltzen du Iñaki Otegi Eraikiko kideak, begirale bezala joan zena Errumaniara.

Duela bi urte Alemanian izan ondoren, eta iaz Frantzian, aurtengoan bidaia luzeagoa egitea egokitu zaie. Vatra Dornei Bucovina eskualdean dago, herrialdearen ipar-ekialdean. Errumaniako lehenengo hiri turistikoetako bat bezala ezagutzen da, eta 'Karpatoen perla' deitzen zaio. Autobusez joan ziren haraino irundarrak, eta bidea aprobetxatu zuten Venezian eta Budapesten geldialdiak egiteko eta hiri hauek ere ezagutzeko.

 

Vatra Dorneiko festibalean Errumaniako zortzi dantza talde eta Kalifornia, Italia eta Bulgariako taldeekin partekatu zuten kartela. «Oso polita izan da beste herrialdeetan dantzatzen duten dantzak eta bertako jendea ezagutzea, eta denak elkartzea folklorearen bidez», nabarmentzen du Iñaki Otegik. Gonbitadu moduan, irundarrek jaialdiko lau jardunaldietatik bitan dantzatu zuten.

 

Oso esperientzia aberasgarria

Zalantzarik gabe, oso esperientzia aberasgarria izan da 24 neska-mutil horientzako: «ingelesez moldatzen ziren komunikatzeko beste herrialdetako jendearekin», baita ere Vatra Dorneiko alkatearekin hitz egiteko hark egin zien harreran. «Taldeko txikienei pixka bat gehiago kostatzen zitzaien, baina hitz egitera ere animatzen ziren». Jaialdian parte hartzeari dagokionez, begiraleak gogoratzen du irundarrek egin zituzten dantzek eta eraman zituzten jantziek ikusleen arreta erakarri zutela: «berria eta ikusgarria zen beraientzat. Asko gustatu zitzaien hankak igotzea, gure dantzetan egiten den bezala», aipatzen du. Aukera ona izan da Euskal Herriko folklorea zabaltzeko.

Eraiki Dantza Taldekoek ez dute denbora askorik izango deskantsatzeko, hemendik aste batera ospatuko den Euskal Jiran baitute hurrengo hitzordua: aurten goizez ospatuko den ibilbidean izango dira Behobiarekin partekatzen duten gurdian, eta amaitzerakoan Urdanibia plazan dantzatuko dute.

Dokumentuaren akzioak