Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Orkestrak adierzi eta balletak ulertarazten du

Dokumentuaren akzioak

Orkestrak adierzi eta balletak ulertarazten du

Versaillesko opera. Diotenez, antzerkiaren eta dantzaren sehaska Frantzian mendez mende. Malandain errege da eta gortea eraiki du Versaillesen Euskadiko Orkestrako musikariekin eta bere dantzari propioekin. Eta gu geu monarkiko bihurtzea lortu du ordu eta

Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Naiz
Mota
Kronika
Data
2015/12/13
Lotura
Naiz

Versailles ezagutzen duen orok jakingo du Estatu frantseseko aristokraziari atxikitako eraikin sinbolikoa begi aurrean jarriz gero zenbateko harridura eragiten duen. Zorte apur bat gehiago izan duenak jakingo du, jauregiko barrunbeetan joanda, badela ospe handiz jota dagoen opera bat, Opera Erreala, Barroko garaikoa, Europako garrantzitsuenetarikoa. Harrigarria da nola Versaillesko Operan sartzerakoan mende zenbaitetan atzera egiten den; ez soilik antzokiaren hornidurengatik, giroagatik beragatik baizik. Egurraren eta antzinako azpiegituren usaina dario Versaillesi eta denboran atzera egitea atsegingarria da antzokiko fosotik bertatik Euskadiko Orkestra Sinfonikoa entzunez gero, eta parez pare nazioarteari aurrez begiratzen dion Malandain Ballet Biarritz taldea ikusten baldin bada.

Ez da erraza Versaillesko ateak zabaltzea edozein ikuskizunentzat, eta asteburu honetan bi euskal entitate artistikoak egiten ari diren bira ez da lehenengo paraje haietan. 2013an “Cendrillon” lanarekin izan ziren biak agertoki berean eta aurten nazioarteko bira Versaillesera eraman dute berriro “La Belle et la Bete” lanaren bertsio berritu batekin.

Guztion gozamenerako

Orkestra sinfoniko bat nola den nobleziazko erritual bat, ekitaldi protokolarioa. Nola afinatzen duten instrumentuek concertinoak ematen duen tonuaren arabera, nola norberak berotzen duen bere tresna publikoa besaulkietan kokatzen ari den bitartean, nola pauso horiek bihurtzen diren ikuskizunaren hastapen nota.

Barrokoaren usainari atxikitako giroaren baitan jarri zuen oholtza gainean Thierry Malandainek bere azken lana. Izan daiteke hein batean “La Belle et la Bete” klasikoaren berrirakurketa bat, bertsio klasikoa ez ezik, interpretazio pertsonala ere erantsi baitio talde biarriztarraren koreografo eta zuzendariak. Bada Ederrik, bada Piztirik, baina badira haien inguruan ere irakurketa paralelo bat eraikitzen duten beste pertsonaia batzuk ere. Arima izan liteke, artista izan liteke.

Deigarria den ezaugarririk badu. Thierry Malandain publiko osoari zuzendu zaio. Hots, balletean aditu edo jarraitzaile direnen gozamenerako ikuskizuna da, baina ikusle orokorrari zuzendutako obra ere bada. Dantzarien espresioak –bai gorputzekoak eta bai bisaiakoak– besaulkietan dagoen edonorengana iristeko ahalmena du. Ikus zitezkeen ostiralean pertsona adinduak eta adingabeak Versaillesko Operako estreinaldian. Eta ez hori bakarrik. Malandainek berak Txaikovskiren mugimendu hainbat aukeratu ditu bere azken proiektua harilkatzeko. Indar handiko mugimenduak dira gehien-gehienak, entzulearengana iristea errazten dutenak. Soka instrumentuentzako lan handia, suharra, nahiz eta berez ez den iraupen handiko obra –ordu eta erdi gutxi gora behera–.

Eta publikoarengana iristeko ahalmen hori nabari izan zen ikus-entzuleen artean. Aretoa kasik leporaino beteta, amaieran harrera beroa jaso zuten bai balletak eta baita orkestrak berak ere. Esan genezake zazpi edo zortzi minutuko txaloaldi beroa jaso zutela. Ezin esan, beraz, Ipar eta Hego Euskal Herria berriro batu dituen egitasmoa Versaillesen gustuko izan ez zenik.

Ostiralean izan zuen estreinaldia “La Belle et la Bete” lanak, eta atzokoan beste saio bat eskaini zuten Versaillesko Operan bertan. Gaur bukatuko da bira azken emanaldi batekin. Nazioarteko lanak amaituta, Gabonetako kontzertuekin jarraitu eta laster iritsiko da ikuskizuna Hego Euskal Herrira. Ahal duenak goza dezala, merezi du-eta.

Ainars Rubikis zuzendariak maisuki zuzendu du Orkestra Sinfonikoa antzokiko fosotik.

1213_kul_oseona

Dokumentuaren akzioak