Gaur Donostiako dFERIA jaialdian hainbat ikuskizun interesgarri programatu dituzte. Horietariko bat Dendu da, Harrobi Dantza Bertikala Konpainia eta Oreka TX taldeek eginikoa. Ekitaldia Kursaal aretoaren kanpoaldean egingo da.
“Dendu oreka hitzaren sinonimoa da euskaraz. Dendua egon dadin txuriak beltza behar du; tesiak antitesia; ilargiak eguzkia. Antagonismo horretatik soilik sortzen dira grisa, sintesia, eklipsea. Bategite hori da denduaren adierazpide muturrekoena. Aurkakotasunetik gerturatzera; gerturatzetik uztartzera; uztartzetik, hibridatzera. Denduaren bila. Bategitearen bila.”
Janire Etxabe, Alejandra Perez eta Sara Mohino, eta Del Perera dira airean dabiltzan dantzariak, eta musika Oreka TX taldeak jarriko du: Harkaitz Martinez de San Vicente, Mikel Ugarte, Mixel Ducau, Iñigo Egia, eta Juanjo Otxandorena.
Beste aldetik, gaur ere, Hika teatroak La Tarara egingo du. Lanaren sinopsia hauxe duzue: “SanFran auzoan bizi da Rosa, haur biolinista. Liszt eta jada hilda dauden beste musikagile batzuk ikusten dituela uste du, eta horiek biolina jotzen laguntzen diotela. La Tararak, gauez lan egiten duen prostitutak, lagunduko dio mamuen aurkako borrokan. Rosa helduak eta Rosa haurrak elkarrekin egingo dute topo, sekretu baten inguruan joan-etorrian dabiltzan oroitzapenen artean: sute bat, errautsak eta babes-geruza bat bezala zabaltzen den ahanztura. Halako batean, tiradera batean aurkitutako maitasun-gutunek haurraren oroimen hautsia leheneratuko dute. Musikaz eta edertasunez beteta dagoen haurrak ez zeukan izuarentzat lekurik gordeta bere baitan”.
Gaurko programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.