Dokumentuaren akzioak
Oreka TX, Kukai eta Kalakan taldeek 'Herritmo' taularatuko dute Donostian
Dantza, musika, kantua eta herri kirolak uztartzen dituen ikuskizuna daramate Donostiako Kursaalera
Ikuskizunaren arduradunek azaldu dutenez, taula gainera elementu tradizionalak ekarriz, indarra eta orekaren inguruan hausnartu nahi izan dute, proposamen garaikide bat plazaratuz. Herri kirolak ikuspegi artistiko batetik landu dituzte, lanbideen mugimenduak koreografia bihurtuz eta baserriko lanabesak soinu tresna modura baliatuz.
"Esanahi eta balio etnografiko kalkulaezina" duten adierazpide hauek plazatik antzokira eraman nahi izan dituzte, eszenografia, akustika, argiztapen eta jantziak zainduz. "Begirada berri horren helburua ez da herri kirolen izaera ezertan aldatzea edo ordezkatzea, baizik eta adierazpide hauen alde artistiko, indartsu, sentsual eta sakonena erakustea", azaldu dute.
Zuzendaritza artistikoa eta eszenikoa Hansel Cerezak burutu du. Esperientzia handiko diziplina anitzeko artista da Cereza, eta urteetan zehar ikuskizunen munduan esperientzia handia lortu du. Fura del Baus konpainiako sortzaileetako bat izan zen eta dantza, antzerki, zirku eta ikuskizun handi asko zuzendu ditu. Gaur egun, beste proiektuen artean, Cirque du Soleil taldearen "Love" ikuskizuneko lantaldeko kidea da.
Dokumentuaren akzioak