Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Dokumentuaren akzioak

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.
Egilea
Alex Uriarte Atxikallende
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2022/01/26
Lotura
Berria

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean.

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Koronabirusaren pandemia gogor ari da jotzen kulturaren industria, baina aurten ere dFeria arte eszenikoen jaialdia egingo dute Donostian. Antzerkia, dantza, musika eta ikus-entzunezkoak eskaintzen dituen festibalaren 28. ekitaldia izango da 2022koa, eta martxoaren 14 eta 17 artean egingo dute. Antolatzaileek eta sustatzaileek atzo aurkeztu zuten jaialdiaren aurtengo egitaraua, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Aurkezpen agerraldian izan ziren, besteak beste, dFeriako zuzendari Norka Chiapussa, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Harkaitz Millan, eta Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara ordezkari Jon Insausti, jaialdia babesten duten Kutxa, SGAE eta Tabakalerako ordezkariez gain.

Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, oreka izango da 2022ko dFeria jaialdiaren oinarria: dantzaren eta antzerkiaren artekoa, intimismoaren eta handitasunaren artekoa, abangoardiaren eta ortodoxiaren artekoa, tokikoaren eta atzerrikoaren artekoa. Insaustik argitu bezala, «orekari eutsi dion jaialdi bakarra» da dFeria: «2020an, pandemiak eztanda egin zuenean, egin zen azken festibala izan zen; 2021ean, lehena izan zen berragertzen; aurten, oreka eta konpromiso horri eutsiko zaio».

Halaber, oreka hartu dute aintzat aurtengo egitaraua osatzen duten berroegi emanaldiak hiriko hainbat agertokitan banatzerakoan ere: Viktoria Eugenia, Kursaala, Antzoki Zaharra, Tabakalera, Intxaurrondo kultur elkartea, Gasteszena, Lugaritz Kultur Etxea eta abarretan izango dira emanaldiak.

ANTZERKIA

Chiapussa zuzendariak «gaien eta formatuen oparotasuna» izan du mintzagai aurtengo antzezlan nagusiak aurkeztean. Elephant in the Black Box konpainiaren Renaissance —Euskal Herriko estreinaldia izango da, martxoaren 14an, Viktoria Eugenian—, Marie de Jonghen Ama, Che y Mocheren El viejo y el mar eta Mostrenko kolektiboaren Espejismos, el lado epico aipatu ditu batik bat horien artean.

Orobat, antolatzaileek Euskal Herriko konpainien lanak ere aurkeztu dituzte; talde horien «konpromisoa eta maila» goraipatu dituzte, «esanguratsutzat» jo baitute Euskal Herriko antzerki kolektiboek dFerian duten presentzia. Hika taldearen La Tarara, Tanttakaren Mi hijo sólo camina un poco más lento, Erre produkzioak taldearen Fake Begirari Trampa / Fake Trampantojo eta Kulunka teatro etxearen Hegoak aipatu dituzte.

DANTZA

Antzerkiarekin batera, eta zenbait kasutan antzezlanekin uztarturik, dantza da dFeria festibalaren ardatzetako bat. Martxoaren 15ean, Oreka TX eta Harrobi dantza taldeek Kursaaleko fatxada hartu eta Dendu dantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko dute. Dendu, Insaustik azaldu legez, oreka-ren sinonimoa da, eta, beraz, «ezin hobe» adierazten du jaialdiaren aurtengo leitmotiva.

 

 

Horrez gain, hala Insausti nola Chiapussa martxoaren 17an Viktoria Eugenia antzokian izango den Burgos-New York Dantz ikuskizunen serieaz mintzatu dira. Hiru obra aurkeztuko dituzte sail horretan, denak dantzaren lengoaiari buruzkoak: Robert Koch eta Carolina Isachen Gaslight, Sandra Egido Ibañez eta Carla Cervantes Caroren Cuando somos, eta Alfonso Lopez eta Paula Fernandezen Desierto.

Era berean, Egia kultur etxeko Gasteszena dantzaren gordeleku izango da aurten ere: Gil Harushen Quo eta Fomo obrak eta Hilde Kochen Quorum estreinatuko dituzte han. Lehenengo bi ikuskizunek «dantzaren tradizioa eta modernitatea» landuko dituzte, Chiapussaren esanetan; Quorum, berriz, «naturaren, gizakiaren eta bien arteko elkarreraginaren gaineko gogoeta» gisa aurkeztu dute antolatzaileek.

ASKOTARIKO DIZIPLINAK

Antzerkiaz eta dantzaz gain, orotariko arte adierazpideak uztartzen dituzten obrak ere izango dira aurten dFerian. Horietako esanguratsuena, zuzendariak azaldu duenez, Vero Cendoya konpainiak martxoaren 15ean Viktoria Eugenian estreinatuko duen Bogumer (o hijos de Lunacharski) izango da.

Vero Cendoya konpainiak «inklusibotasunaren alde egindako maila handiko lana» goraipatu du Chiapussak, eta ikusleak «historia, umorea, hausnarketa eta kalitatea uztartzen dituen obraz gozatzera» gonbidatu ditu; izan ere, hori ere Euskal Herrian estreinatuko dute.

BI EGUNEKO PRE-FERIA

Aurtengo jaialdia martxoaren 14an hasiko bada ere, astelehenez, jaialdia abiatu baino bi egun lehenago Pre-feria izena jarri dioten egitaraua izango da, Viktoria Eugenia antzokian eta Gasteszenan. Martxoaren 12an Aukeran dantza konpainiaren Migratzaileak ikuskizunak jarriko du abian Pre-feria, Viktoria Eugenian; migrazioa, mugimendua eta gorputzaren lekualdaketak jorratzen ditu. Hurrengo egunean, berriz, Egiako Gazteszenan, Marina Oteroren Fuck me lanaren Euskal Herriko estreinaldia izango da; fikzioa, dokumentala, dantza eta performancea uztartuko ditu Fuck me-k.

Jaialdiko ikuskizunetarako aldez aurretiko sarrerak salgai daude jadanik, Viktoria Eugeniako, Intxaurrondo kultur etxeko, Gazteszenako eta Lugaritz kultur elkarteko leihatiletan. Dena dela, jaialdia egingo den egunetan ere sarrerak erosteko parada izango da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.dferia.eus

Dokumentuaren akzioak