Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Ordu asko kendu dizkit dantzak, baina asko eman dit"

Dokumentuaren akzioak

"Ordu asko kendu dizkit dantzak, baina asko eman dit"

Egiten duenaz aprobetxatzen dakiten horietakoa da Eli Nosellas (Tolosa, 1959). Dantza talde batean, Alurren, aurkitu zuen gaztetan bizi izandako “etapa gogor bat” atzean uzteko aukera. Izan ere, Franco hil baino aste batzuk lehenago atxilotu eta torturatu egin zuten, 16 urte zituela. Bizitza berregiteko intentzio horretan, dantzak “garrantzi handia” izan duela azpimarratu du.
Egilea
Irati Saizar Artola
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/09/20
Lotura
Tolosaldeko Ataria

"Ordu asko kendu dizkit dantzak, baina asko eman dit"

Ibarrako dantza taldeak mende laurdena beteko du datorren urtean, eta, orain arteko dantzariak elkartuta, emanaldi berezi bat ari dira prestatzen. Kosta egingo zaiola aitortu duen arren, bide batez, ibilbide horri agur esan nahiko lioke Nosellasek.

Dantza taldeak 25 urte beteko ditu datorren urtean. Badira batzuk.

Asko dira. Beti esaten dut, Alurrentzat asko, eta niretzat ere bai. Baina azkar pasatu zaizkit. Atzera begiratuta, gauza asko ikusten ditut orain. Ibilbidea gogoratzen hasten garenean, argazkiak ikusten-eta, adibidez, egungo gazteek ez dituzte ezagutzen gauza asko eta asko, ezta taldekideak ere. Gauza asko gogorarazi behar izaten dizkiet halakoetan.

Zer leku izan duzu dantza taldean?

Beti egin izan dut zuzendari eta koordinatzaile lana; denetik egin izan dut. Guraso elkartean hasi nintzen berez, egun Sendi Ekintza den horretan. Hor sartu nintzen, orduko dantza taldea bultzatzeko; izan ere, galtzeko arriskuan zegoen. Garai hartan, dantza taldeko gazteek beraiek eskatu zuten berrikuntzaren bat-edo nahi zutela. Euren iritzia eta nahia mahai gainean jarri, eta horretan hasi ginen. Geroztik, eurei entzutea eta euren eskaerei aurre egitea izan dira 25 urteotako nire lanak.

Nola deskribatuko zenuke Alurr dantza taldea?

Ikasturte berrirako plana egiten ari gara orain. Ikasle batek hala esan zidan 25. urteurrenerako dantza zaharrak gogoratzen ari ginen batean: “Eli, a zer-nolako lana egin duzun, eta zenbat ordu kendu dizkizun dantza taldeak”. Baina, niretzat, familia handi bat izan da Alurr. Eta “familia handi bat” esaten dut; izan ere, zuk asko maite duzu familia, asko zaintzen duzu, baina familiak asko kentzen eta ematen dizu. Bada, berdin izan da Alurr, eta gaur egun ere hala da. Ordu asko kendu dizkit, baina asko eman dit ziklo desberdinetan, adin desberdinetan gazteekin egote horrek.

Jendea ezagutzeko txokoa izan da, beraz.

Ezagutzekoa eta ikastekoa. Dantzariek ere zerbait ikasiko zuten, ziurrenik; hala pentsatzen dut. Baina, zahartu ahala, gauza asko galtzen edo uzten joaten zara, konturatu gabe, dinamika batean zaudelako edo, eta gazteek begiak irekiarazi izan dizkidate askotan; eta ona da hori. Nire kasuan, behintzat, asko balio izan dit.

Nola gogoratzen dituzu hastapeneko garai haiek?

Sorkunde izeneko talde bat zegoen, berez, Ibarran; Tolosako Udaberri dantza taldearen bereizketa moduko bat izan zen hura. Gaur egun Tolosako Amarotz auzoan bizi diren bi gazte etortzen ziren eskolak ematera. Aspaldiko garaiak dira horiek, 25 urte baino gehiago pasatu baitira ordutik.

Garai hartan, Ibarrako Udalean bazen Abaltzisketako Jose Luis Zubeldia dantzariarekin batera Beasainen lan egiten zuen zinegotzi bat. Zinegotzi hark Zubeldiari aipatu zion Ibarran bazela haurren dantza talde txiki bat, baina helduak ere ikastaroak eskatzen ari zirela. Eskola batzuk emango ote zituen galdetu zion, eta hor hasi zen guztia. Ni neu izan nintzen apuntatzen lehena. Ikastaro batzuekin hasi ginen, eta, ikastaroen ondoren, grina handiagoa genuela ikusita, dantza talde bat sortzeko beharra sentitu genuen. Zegoenari heldu genion orduan, eta gazteek eskatutakoari euren nahia gehituta, horrela egin genuen aurrera.

Txikitik handira joan zarete.

Taldetxo txiki bat hasi ginen, eta egia da izugarri hazi zela urte gutxian. Gehiago normalizatzen hasia da orain, eta eskertu egiten dugu hori ere.

Gaur egun, zenbat dantzarik osatzen dute taldea?

Ez dakit kopurua, eta, gainera, ez zait gustatzen jakitea ere. Kontaketarako bi zatitan banatu beharko litzateke, gainera. Izan ere, bertakoek osatzen dutena da bata, Alurr Ibarra deitzen dioguna, herrian dagoena; eta inguruko herrietako proiektuetan dabilen jendeak osatutakoa da bestea. Izan ere, taldea hazten hasi zenean, inguruko herrietako gazte asko hasi zen etortzen, eta jendetzari aurre egin ezin zitzaion momentu bat iritsi zen.

Hamar urte inguru pasatu izango dira, agian, herri txikietan proiektuak aurkezten hasi ginenetik. Garai batean, Udaberri dantza taldea iristen zen hainbat herritara, baina, gauza bategatik edo besteagatik, uzten hasi ziren pixkanaka, eta herri txikietan galtzen hasi zen dantza. Proiektuak aurkeztu genituen guk, 12 urtera arte-edo, behintzat, haurrak herrian mantentzea garrantzitsua zela defendatuz. Hori ere ez da erraza; izan ere, haur kopurua ez da handiegia izaten, irakasle gehiago eskatzen dituzte batean eta bestean, eta ez dugu izaten aukerarik herri guztietara irakasle bat bidaltzeko. Bederatzi herritara joaten gara egun, eta herrian bertan mantentzen dugu 12 urte arteko eskaintza; Ibarrara etortzea eskaintzen zaie gero. Beraz, talde horiek guztiak batuta zenbat izango ginatekeen? Izugarri.

Ikasle kopurua bezala, dantza bera ere aldatuko zen, ezta? Ba al da alderik hasierako dantza haiek gaur egungoekin alderatuta?

Guk, beharbada, ez dugu hainbeste ikusi. Izan ere, hasiera hartan, dantzari gazteek tradizionaletik aldaketa bat nahi zutela esan ziguten, eta berrikuntzekin hasi ginen. Haiek proposatuta, Edu Muruamendiaraz ekarri genuen; izan ere, orduan harekin ari ziren Ibarrako bi gazte,Villabonan, dantza askatuko txapelketarako prestatzen. Prest agertu zen, eta berehala ekin genion taldeak osatzeari.

Ez zen batere erraza izan, diru aldetik estu eta larri ibili ginelako. Izan ere, irakasle profesional batekin ari ginen. Berrikuntzekin hasi ginenetik, 2002an egin genuen lehen jaialdia, eta hurrengo ikasturtean dantzari kopuruak izugarri egin zuen gora. Gerora hasi gara estilo desberdinak uztartzen, bai dantza garaikidea eta bai dantza klasikoa.

Gaur egun osasuntsu al dago taldea?

Bai, bai; oso osasuntsu dago. Hala ere, nik beti esaten dut etorkizunerako arazo bat dagoela gaur egun, eta ez Alurren bakarrik, orokorrean baizik: jende asko ari da egunerokoan, ardurak hartzeko ere prest dago jendea, baina zaila da jarraipena egingo duen norbait aurkitzea. Batetik, gazteek oso prestakuntza handia eta aukera asko dauzkate dantzarako, baina komeriak izaten dira gidari lanetan hasteko. Eta uste dut garrantzitsua dela, atzean taldea izanda ere, buru bat edukitzea, baina zailagoa da hori.

Pozik nago, hala ere. Izan ere, bere garaian gazte batzuek dantzatik bizitzeko hautua egin zuten, eta kanpoan ibili dira. Bueltatu egin dira, ordea, eta dantzari heldu diote hemen ere. Badirudi, beraz, 25 urteren ondoren, erretiroa hartzeko modua izango dudala.

Emanaldiak egiten dituzuen bitartean, beraz, aurrera jarraituko du taldeak, ezta?

Nik beti esaten diet, ni ez nagoenean, ziurrenik, ez dela berdin izango, beste modu batera funtzionatuko duela taldeak. Berdin zait nola, baina jarrai dezatela aurrera. Gero gerokoak. Niri kosta zait gauzak hasi eta bukatu egiten direla ikustea edo onartzea. Aspaldi hasi zen nirea, eta gertu dago bukaera.

Lana koordinatzeaz gain, dantzan ere ibili izan zara, ezta?

Bai, ibili izan naiz, baina dantzari frustratua izan naizela esan izan dut. Nik dantza egin nahi nuen gaztetan, baina ezin nuen. Tolosarra naiz, baina ez nintzen han bizi; Belauntzako Beotibar auzoan bizi izan naiz betidanik, eta garai hartan, bertakoa ez nintzenez, ezin nintzen sartu dantza taldean. Dantzatzea zen, ordea, nire pasioa. Oso berandu hasi nintzen dantzan, eta gerora ikasi nuen, baina ez da berdin.

Umetan ikasi beharreko zerbait al da dantza?

Bai. Baina, tira, disfrutatu egiten dut oraindik, eta, gaur egun ere, dantzan hasten naiz musika entzutean, eta gozatu egiten dut. “Eli, dantzari ona zinen?”, galdetzen didate gaur egun. Eta ezetz erantzuten diet, baina ez zaidala inporta. Niretzat, disfrutatzea da garrantzitsuena.

Mojetan ikasi zenuen. Han egiten al zen dantzarik?

Denbora asko galdu nuen mojetan. Garaian garaikoa zegoen, eta hala tokatu zen. Ez nuen izan aukerarik, baina musika eta dantza asko gustatu izan zaizkit betidanik. Etxeko egoera gehitu behar zaio horri; zortzi anai-arreba gara, eta etxeko egoera ez da izan errazena. Asko eman didate, ahal duten guztia, baina nik momentuan ez neukan aukerarik nahi nuena egiteko. Konforme nago, hala ere.

Zuk hala aitortuta, dantza taldearen ikusle bat gehiago izango zara laster. Etsiko al duzu?

Beti hor egongo naizela esaten diet nik. Ni gabe ere aurrera egiten ikusi nahi ditut. Modu batera edo bestera, baina martxan. Edozein gauzatarako hor egongo naiz ni. Asko dut ikasteko, eta zaila egingo zait kanpotik begira egotea. Denbora asko daramat “banoa” esaten, baina ez naiz joaten. Argi dago, ordea, hor nagoen bitartean egin egiten dudala, eta nire izaeragatik segituan aurreratzen naizela. Baina agur esan behar diet. Kanpotik ikusi nahi ditut, eta, babesa behar dutenetan, lagundu.

«Ahaztuta edo barruan gordeta neukan dena, mina ematen didalako»

Gaztetan etapa gogorra pasatutakoa zara. Mojatatik langileen aldeko borrokara egin zenuen salto, eta kartzelan ere egon zinen.

Bai, etapa gogorra izan zen. Gogorra diot, oso gauza gogorrak bizitzea tokatu zitzaidalako, eta orain dela gutxi gogorarazi ditugulako. Orain gutxi arte, ahaztuta edo barruan gordeta neukan dena, mina ematen didalako. Baina, era berean, pentsatzen dut gauza guztiek daukatela onetik zerbait, eta gauza asko erakutsi zizkidan etapa horrek ere.

Oso gaztea nintzen, beti borrokatu izan dut bidegabekerien kontra, eta hala jarraitzen dut orain ere. Sugandila baten parekoa nintzela esaten du amak, ipurtarina, eta zorte txarra izan nuen. Tokatu egin zitzaidan; momentu txarra, pertsona txarra... Tolosan. Hori ere pasatu nuen. Baina orain berriro heldu diogu gaiari eta gaizki pasatzen ari naiz. Mingarria da niretzat eta nire inguruarentzat ere bai. Gauza asko gordeta eduki izan ditut orain arte, eta ez dut inor mindu nahi orain, niretzat mingarria bada, inguruarentzat ere hala izango delako. Agian, ez nuen nahi besteek niretzako zein gogorra izan den ikus zezaten; gauza asko ez dut nahi haiek jakiterik.

Etapa hori amaitzeko, ordea, hasi beharra zegoen noizbait. Salatzeko beharra sentitu zenuen?
Egin beharra zegoela esaten zidan nire kontzientziak, baina saiatuko naiz ahalik eta gutxienek sufritu dezaten.

Alde positiboa bilatzen saiatu beharko da halakoetan, ezta?

Hala da, bai. Asko ikasi dut. Sufrimendua izan da, zoritxarrez, baina gauza asko erakusten ditu sufrimenduak. Orain, agian, sentiberagoa naiz gauza askorekin. Nik borratu egingo nuke etapa hori, oso-oso gogorra izan zelako, 16 urte nituelako, gauza asko ez nituelako ulertzen, eta gauza askotan markatu egin nauelako. Baina, tira, hori tokatu da, hori bizi izan dut, eta aurre egin diot bizitzari; familia zoragarri batekin, gainera. Beti esaten zidaten ez nuela lortuko ama izaterik, baina lortu dut, amona ere banaiz, eta momentu honetan, alabaz, bilobaz eta amaz disfrutatzen ari naiz ahal dudan guztian.

Momentu horiek igaro eta bizitza eraikitzea tokatu zitzaizun... 

Bai. Kanpora joan nintzen eta 20 urte ingururekin bueltatu nintzen. Dantzaren munduan hasi nintzen jarraian. 27 urterekin alaba izan nuenean, lan arloan ez genuen izan zorterik eta bi urte igaro genituen Zegaman. Dantza utzi nuen, baina berriro heldu nion herrira bueltatzean.

Dantza lagungarri izan zaizu zure bizitzan? 

Ez dakit lagundu didan, gauza asko kendu dizkidalako. Baina, oso garrantzitsua izan da nire bizitzan. Balio izan dit, agian, etapa gogor hori alde batera uzteko; zerbaiti heldu eta buru-belarri horretan murgiltzeko. Egin dudan guztiarekin disfrutatzen saiatu izan naiz eta horrela ari naiz orain ere, bestela ere sobera izaten direlako gauza txarrak.

Dokumentuaren akzioak