Dokumentuaren akzioak
Ordiziako martxari koreografia egin dio Jexux Mari Garatek
Dantza maisu izandako Etxebarrieta zena bereziki oroitu nahi du egileak. Irungo udal bandaren kontzertuaren amaieran plazaratuko dute sei dantzarik, upel eta danborjoleekin batera
Danborradako Ordiziako martxarentzat Jexux Mari Garate dantzariak sortutako koreografia estreinatuko dute gaur eguerdian, plaza Nagusian. Beasainen bizi den ordiziarrak herritarrei "zerbait zor" ziela dio. Dena dela, ikuskizuna iaz hil zen Faustino Etxebarrieta, Garateren dantza maisua, gogoan izanda osatu du.
Irungo udal musika bandak 13.00etan eskainiko duen kontzertuaren amaieran izango da estreinaldia. Bandak eta danborradako hainbat upel eta danborjoleek lagunduta plazaratuko dute koreografia sei dantzariek: Xiker Hidalgo ordiziarra, Iñigo Oiarbide beasaindarra, Iñaki Agirre altsasuarra, Miren Saizar berastegiarra eta Eider Epelde eta Itziar Doiartzabal ibarratarrak izango dira oholtza gainean.
Gurrutxagak sortutako martxari dantza uztartzearen ideia ez da berria. "Azken zortzi urteotan zerbait egitekotan nenbilen eta, azkenean, Udalak animatuta egin dut aurrera. Iaz sortu nuen eta gaur estreinatuko da", argitu zuen atzo Garatek.
Koreografiak hiru zati ditu. "Euskal dantzen pausoetan dago oinarrituta. Denetik dago, baina danborradak Frantziarekin duen zerikusia dela eta, Iparraldeko dantzak kontutan hartzea erabaki nuen", azaldu zuen egileak. Horrela, lehenengo bi zatietan Iparraldeko dantzak nagusituko dira eta Gipuzkoakoak hirugarrenean.
Ordu askoan lanean aritu ondoren igoko dira dantzariak oholtza gainera, baina egindako lana ez dute behin bakarrik eskainiko, izan ere, urtero dantzatzeko asmoa dute, baina hilaren 24ean, danborradarekin batera. Gainera, hurrengo urtean haurren danborradarako ere, dantzari txikientzat koreografia egokitzea da Garateren nahia.
Beraz, berri honekin ospatuko dute gaur ordiziarrek Santa Ana, zaindariaren eguna. Meza Nagusia 11.00etan hasiko da eta honen amaieran, elizan bertan, zaindariaren ereserkia entzun eta dantzatuko dute, duela hamar urte kasu honetan ere Garatek sortutako koreografiarekin.
Ordiziako jaietako egun nagusia izango da gaurkoa. Atzo Santiago ospatu zuten eta bihar amaituko dira festak, santanazaleen, ezkondu eta koadrilen egunarekin.
Jexux Mari Garate, dantzari eta koreografoa.argazkia: a.i.
Dokumentuaren akzioak