“Gaur, abenduak 13, Santa Luzia eguna da, jostunen patroia. ZORIONAK jostun orori! Baina bereziki Orbeldik esker onak adierazi nahi dizkio, ezkutuko taldeari, emanaldien atzean dagoen jostun taldeari, haien lanik gabe ez baikenuke posible izango ikuskizunak aurrera eramatea. Beraz, mila esker!”, adierazi diete Orbeldik dantza taldeko jostunei.
Orbeldiko jostunek eginiko lan itzela erakusteko baliatu zuten, NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan, azaroaren 10ean Sutegin eskaini zuten saioan. “Okasioak merezi zuelako baliatu dugu saioa, aurten egin ditugun Orbeldi jantzien aurkezpena egiteko. Mutilentzako jantzia duela bi urte hasi ginen egiten, neskenak aurten egin ditugu. Primiziaz gaur ikusteko aukera izango duzue. Jostun guztiei eskerrik asko egiten duzuen lan guztiagatik, bestela hau ez zelako posible izango. Beraz txaloak beraientzako”, txalo zaparrada jaso zuten publiko artean ziren jostunek. Amaieran ondoko talde argazkia atera zuten.