Dokumentuaren akzioak
«Orain dantzan aritzen diren mutikoei esaten zaizkien gauzak ez ziren 80ko hamarkadan esaten»

«Orain dantzan aritzen diren mutikoei esaten zaizkien gauzak ez ziren 80ko hamarkadan esaten»
Alain Maya kulturaz inguratuta hazi zela esan genezake. «Gurasoak beti saltsetan ibili dira herriko mugimendu kulturaletan» kontatzen du dantzariak. Horrela, garai hartan agian inertziaz dantzan hasi zen sei urte besterik ez zituenean.
Ereintza taldean hasi zen, eta formakuntza bertan jasotzeaz gain, Errenteriako musika eta dantza eskolarekin osatu du. Ereintza taldeak munduan zehar aritzeko aukera eman zion, eta baita 2002tik dagoen Kukai taldeak ere.
Kukaik koreografo askorekin lan egiteko aukera eskaini dio, eta baita proiektu desberdinetan aritzekoa ere .«Kanpoko dantzari asko harritu egiten dira hemengo dantzen fisikotasunarekin, jauziekin eta hanken mugimenduekin». Zetak taldearen Mitoaroa I eta II ikuskizunetan ere aritu da, baina aitortzen du «ez da gure ohiko habitata 15.000 pertsonen aurrean dantza egitea» kontatu digu dantzariak.
Zumaiako dantza eta musika eskolan ere bere jakinduri guztia zabaltzen ari da ematen dituen dantza saioetan, eta dantzaren errealitatea gertutik ikusteko aukera du. «Okerrera goaz, orain dantzan aritzen diren mutikoei esaten zaizkien gauzak ez ziren 80ko hamarkadan esaten».
Zinemaldiko barrutik ere ezagutzen du, bertako hainbat ekitalditan dantzatzeko aukera izan baitu, beraz, gonbidatu egokia gaurko gure kafe hutseko tarterako.
Dokumentuaren akzioak