Hilaren 25ean eskainiko du Oñatzek dantza taldearen 50. urteurreneko ospakizunei bukaera emateko ikuskizuna. Zubikoa kiroldegian izango da,19:30ean, eta astelehenean salgai jarri zituzten 350 sarrerak zortzi orduan agortu ziren. "Hitzik gabe utzi gaituzue. Azken entseguetarako sekulako bultzada eman diguzue eta dantzan ahaleginduko gara eskerrak ematen",adierazi dute taldekoek.
Bestetik, baina, gogorarazi nahi izan dute balitekeela datorren astean Labi batzordeak edukiera neurriak malgutzeko erabakia hartzea, eta, hala bada, azaldu dute sarrera gehiago jarriko dituztela salgai; beraz, euren sare sozialei adi egoteko dei egin diete sarrera gabe gelditu diren herritarrei.
Entseguetan buru-belarri
Maiatz erdialdean hasi ziren dantza talde txikietan entseguekin, eta azken asteetan gogotsu eta ilusioz dabiltza guztia prestatzen. Eguazteneko entseguetako bat, esaterako, Lizargarate Trikitizale Elkartekoen zuzeneko musikarekin egin zuten.
Goiena telebistan ere ikusgai
Oñatzek hilaren 25ean eskainiko duen ikuskizuna, Goiena telebistan ere ikusi ahalko da zuzenean 19:30ean. Goiena.eus-en ere jarraitu ahal izango da eta baita Oñatz Dantza Taldearen Youtubeko kanalean ere.