Dokumentuaren akzioak
Ongietorri beroa eskaini zion Zumaiako herriak Lucia Lacarra dantzariari
Dantzaria hunkituta agertu zen bere jaioterriak emandako omenaldiarekin
Ongietorri beroa
Azken momentuan antolatutako ekimena izan zela kontuan hartuz, ustez baino erantzun hobeagoa eman zioten zumaiarrek omenaldiari. Udaleko kideak, alkatea buru zela, harrituta agertzen ziren herritarrek emandako erantzunarekin, ekitaldia hasi baino ordu laurden lehenago aretoko eserlekuak beteta agertzen baitziren. Ekitaldia hasi zenerako, makina bat jende zegoen udaletxeko eskaileratan aretoan sartu nahian.
Txalo zaparrada baten artean hartu zuten Lucia Lacarra udaletxeko pleno aretoan. Bere ohoretan dantzatutako aurreskuaren ondoren, Ricardo Peña alkateak hartu zuen hitza. Zumaiako herriaren izena hainbat eta hainbat hiri eta antzokietara eraman duen dantzariak halako sari bat jasotzeaz harro sentitu zen. Herriaren zorionaren eta esker onaren ezaugarri bezala, plaka bat oparitu zion Peñak dantzariari. Hunkituta agertu zen Lucia Lacarra. Txaloak jasotzera ohituta zegoela egon arren, herriak halako omenaldi bat eskaintzeak asko poztu zuela aipatu zuen. Sari honek hainbat ate irekiko dizkiola esan zuen Luciak, baina Zumaiak eskainitako ongietorriak garrantzi handiagoa zuela aitortu zuen. Internet bidez zumaiar askok beren botoa eman zutela gogoratu ondoren, hauei eskerrak eman zizkion bere alboan egoteagatik.
Ekitaldia amaitu eta berehala, hainbat herritar hurbildu zitzaizkion bere zorionak ematera. Urtea amaitzeko modu aproposa.
Dokumentuaren akzioak